2020ko Etxepare sarian “Lorerik gorriena” albuma irabazle

ekaina 30, 2020

Etxepare sarian 35 lan aurkeztu dira, inoizko ediziorik emankorrena. Sandra Garayoa Cotera eta Itziar Otegi Aranburu egileek irabazi dute saria “Lorerik gorriena” lanarekin. Albumak gutako  bakoitzaren bizitzan gertakari handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…

Epaimahaia, Leire Salaberriak (ilustratzailea), Idoia Sobrinok (liburuzaina) eta Patxi Zubizarretak (idazlea) osatu dute eta zera azpimarratu dute:

  • Ipuin tradizionalen onena jaso, eta gaur eguneraino dakar haien leinua. Chestertonen erranetan, herensugea edo basapiztia gutako bakoitzarengan dago eta literaturak haren kontra borrokatzeko zalduna eskaintzen digu. Hau izan daiteke bitartekari batek umeari ipuina kontatzerakoan erakusten ahal dion gauzarik garrantzitsuena. Edo agian bitartekariak berak (dela guraso, irakasle, izeba edo aitatxi), jasoko duen irakaspenik handiena. 
  • Testua sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin: protagonistak eta haien neurriak, naturaren presentzia delikatua, dena sinbolismo eta sujerentzia handiz adierazia. 
  • Indar handiko irudiak sortu ditu gama kromatiko oso neurtu batekin. Gorriak eta beltzek pisu izugarria dute kontakizunean eta ipuin tradizionalarekin lotzeaz gain irakurlearen emozioak ukitzeko gai da lehen begirada batekin. Testura eta trazuekin jolastu du, deskripzioetatik urrunduz, eta sinbolismo eta sujerentziaz betetako mundu propio bat azalduz. 

Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2020ko udazkenean.

Saridunei buruzko informazioa:

Iruñeko Udalak, Etxepare saria programan barne, antolatzen duen Biko-Teka topaketetan hartu dute parte saridun biek; batak idazle moduan (Itziar Otegi) eta besteak ilustratzaile lanetan (Sandra Garayoa).

Sandra Garayoaren biografia eta argitalpenak:

Sandra Garayoa Cotera (Donostia, 1993), diseinu grafikoan eta ilustrazioan graduatua da Bartzelonako Escola Massanan. Hainbat eremutan lan egin ondoren, azkenaldian narrazioaren alorrera bideratu da. Une honetan, hainbat album ilustraturen proiektuetan murgilduta dabil.

2017an irabazle izan zen Eva Toldrá ilustrazio sarien kategoria orokorrean, eta 2018an, berriz, finalista izan zen Junceda sarien sortzaile berrien kategorian.

https://sandragarayoa.com/

 

Itziar Otegiren biografia eta argitaratutako lanak:

Itziar Otegi Aranburu (Oiartzun, 1972) itzultzaile-interpretea da lanbidez. Hainbat literatura-lan itzuli ditu helduentzat eta haurrentzat. Besteak beste, Axenario (Jules Renard), Ez da erraza gizon on bat aurkitzea (Flannery O’Connor), Jainkoa izan nahi zuen autobus-gidariaren istorioa eta beste batzuk (Etgar Keret), edo Tiger Lily: Heroi bat sortu da! (Maeve Friel). Azken horrekin, Vitoria-Gasteiz haur eta gazte literaturako itzulpen saria jaso zuen 2014an.

Lorerik Gorriena haurrentzat idazten duen lehen ipuina da.

Antolatzaileak 

Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute.

Hona zerrenda:

Agoizko Udala

Antsoaingo Udala

Atarrabiako Udala

Barañaingo Udala

Baztango Udala

Berriobeitiko Udala

Berriozarko Udala

Bortzirietako Euskara Mank.

Burlatako Udala

Esteribarko Udala

Galar Zendeako Udala

Garesko Udala

Irantzu Mankomunitatea

Iruñeko Udala

Nafarroako Iparraldeko Euskara Mank.

Lizarrako Udala

Malerrekako Mankomunitatea

Sakanako Mankomunitatea

Tafallako Udala

Uharteko Udala

Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak

Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua

Laguntzaileak: Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea.

Babeslea: Nafarroako Gobernua – Euskarabidea.

Sariaren historia: Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.

Bestalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxe nafarrak argitaratzen du.


<< atzera