Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

“ERA Eskola, gurasoentzako trebakuntza” martxan jarri dute Euskarabideak eta tokiko euskara zerbitzuek familiei baliabideak eskaini eta hauek ahalduntzeko

Adituekin hiru online saio eskainiko dira euskaraz zein gaztelaniaz seme-alabei hizkuntzetan laguntzeko, hauen autonomia eta motibazioa sustatu edo euskarazko sareko baliabide teknologikoak ezagutzera emateko

Euskarazko irakaskuntzara hurbiltzen diren familiei harrera eta laguntza eskaini eta horiek ahalduntzeko online guraso eskola ekimena martxan jarri dute Euskarabideak eta Nafarroako toki entitateek. Horretarako, euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko diren hiru zuzeneko emanaldi antolatu dituzte Iñaki Eizmendi, Nerea Mendizabal eta Julen Linazasoro adituekin.

PROGRAMA

Azaroaren 16an, seme-alabei euskararekin eta hizkuntzekin laguntzearen erronkaren inguruan arituko da Iñaki Eizmendi. Azaroaren 18an, ordea, seme-alaben autonomia, motibazioa eta autoestimua sustatzeko baliabideak eskainiko dizkie familiei Nerea Mendizabal adituak. Amaitzeko, azaroaren 25ean, euskarazko sareko baliabideak eta Google tresnen zein zibersegurtasunaren inguruan solastuko da Julen Linazasoro.

Emanaldi guztiak 16:00etan euskaraz izango dira eta 18:00etan, gaztelaniaz. Zuzenean, streaming, emitituko dira Era Nafarroaren YouTube kanalean eta WhatsAppez zein YouTube kanalaren txataren bidez galderak zuzenean egiteko aukera egongo da. Saioak doakoak izango dira eta ez da aldez aurreko izen ematerik behar.

www.eranafarroa.eus toki entitateetako euskara zerbitzuek sortutako webgunea da eta bertan 0 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako laguntza eta baliabideak daude. Zertarako? Haurren euskararen ikas-prozesua osatzeko eta biribiltzeko: edozein erregistro eta egoeratan moldatzen ikasteko, ziurtasuna eta jariotasuna eskuratzeko eta noski, euskararekin gozatzeko.

Ekimen honen antolatzaile dira Euskarabidea eta euskara zerbitzua duten ondoko Udal, Mankomunitate eta Batzar Nagusiak: Aoiz/Agoitz, Ansoáin/Antsoain, Aranguren, Artzibar/Valle de Arce, Auritz/Burguete, Barañain/Barañáin, Baztan, Berrioplano/Berriobeiti, Berriozar, Burlada/Burlata, Cendea de Galar/Galar Zendea, Cendea de Olza/Oltza Zendea, Erroibar/Erro, Esteribar, Etxauri, Estella-Lizarra, Huarte/Uharte, Lizoainibar-Arriasgoiti, Luzaide/Valcarlos, Orkoien, Pamplona/Iruña, Puente la Reina/Gares, Tafalla, Villava/ Atarrabia, Zizur Mayor/Zizur Nagusia, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Irantzu, Malerreka, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Sakana, Valdizarbe/Izarbeibar. Aezkoa, Erronkari/Roncal, Zaraitzu/Salazar.

 

HIZLARIAK:

Iñaki Eizmendi

Iñaki Eizmendi Gizarte Hezitzailea da, Ebete hizkuntza-zerbitzuak erakundearen sortzailea. Ebetek haur eta nerabeen euskararen erabileran, gaitasunean eta jarreretan eragiteko estrategiak eta tresnak lantzen eta eskaintzen ditu. Iñakik formazio saioak eskaintzen ditu irakasle eta eskola orduz kanpoko jardueretako hezitzaileentzat, baita gurasoentzako hitzaldi eta lantegiak ere. Hizkuntza-ohituretan eragitera begirako hainbat proiektu eta ekimenetan ere parte hartzen du.

 

Nerea Mendizabal

Nerea Mendizabal Komunikazio ez bortitzeko hezitzailea da – “Center-for NonViolent Communication”-ak ziurtatua, psikopedagogoa, gizarte hezitzailea, haur masaje hezitzailea, haur/gazte eta guraso/hezitzaileen arteko harremanetan aditua. Harremanen arteko komunikazioa lantzen dihardu azken 14 urtetan. Haur/gazte eta guraso/hezitzaileekin lanean aritu ondoren, egun, edozein erlazio motan asetzen gaituen komunikazioa bultzatzea du helburu.

 

Julen Linazasoro

Julen Linazasoro 2010etik ari da, ikastetxe eta enpresa ezberdinetan tresna digitalak nola erabiltzen diren irakatsiz. 10 urte baino gehiago haur eta gazteekin lan egiten egon eta gero, mundu digitalean adin txikikoek aurkitzen dituzten arazoak ezagutu eta horiek saihesteko formazioak ere ematen ditu. Arabako “Har ezazu kontrola” programaren sortzailea da Vital Fundazioarekin batera. Duela zenbait urte interneteko macsonrisas enpresa eta markaren sortzailea da eta irailean familientzako ikasketa plataforma bat sortu berri du.

 

PROGRAMA

 

  1. Saioa: “Gure seme-alabei euskararekin eta hizkuntzekin laguntzearen erronka”. Hizlaria Iñaki Eizmendi. Data: Azaroak 16, astelehena. 16:00etan euskaraz. 18:00etan gaztelaniaz.

Seme-alabek hizkuntzekin duten harremana aztertuko da modu arin eta atsegin batean. Haurrak eleaniztunak izateko bidean daude, gurasoak haien bidelagun izan daitezke, horretarako aholku eta proposamenak eginen dira, familian seme-alaben hizkuntza-ohiturei oinarri sendoa eskaintzeko.

 

  1. Saioa: “Seme-alaben autonomia, motibazioa eta autoestimua sustatzen”. Hizlaria Nerea Mendizabal. Data: Azaroak 18, asteazkena. 16:00etan euskaraz. 18:00etan gaztelaniaz.

Haurrek egiten dituzten gauzetan eta euskararekin zirrara aurkitzea, beraien kabuz egitea eta beren buruarekiko segurtasunarekin ikusi nahi ditugu. Batzuetan, eskolako lanak etxean egiteko uneak neketsuak suertatzen dira. Baliabide eta pilulak luzatuko dira eguneroko egoerei aurre egiteko eta garrantzitsuak diren harremanak zaintzeko.

 

  1. Saioa: “Euskara, sareko baliabideak, Google tresnak eta zibersegurtasuna”. Hizlaria Julen Linazasoro. Data: Azaroak 25, asteazkena. 16:00etan euskaraz. 18:00etan gaztelaniaz.

Gaur egungo egoerak ikasleak eskolako lan asko etxean egitera behartu ditu. Horretarako, Googleko tresnak erabiltzen dituzte. Tresna horiek euskaraz jartzeko eta sareko zenbait baliabide modu egoki eta seguruan erabiltzeko zenbait aholku luzatuko dira hitzaldi honetan.

 

HARREMANETARAKO

 

Informazioa osatzeko edo hizlariekin elkarrizketaren bat lotzeko