Errotulua euskaraz jartzeko diru laguntzak

November 23, 2016

Errotulua euskaraz jartzeko diru laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 2ra artekoa izanen da. Eskaera orria.

ERROTULUAK EUSKARAZ JARTZEKO DIRU-LAGUNTZA DEIALDIA: OINARRIAK

1. Oinarrien xedea eta objektua. Oinarri hauen xedea da Sakanako Mankomunitateak errotuluak euskaraz jartzen dituzten establezimendu komertzialei, ostalaritzakoei eta elkarteei diru-laguntzak emateko modua ezartzea.

2. Diru-laguntzaren gaiak eta kontzeptuak. Diruz lagunduko dira errotuluak, toldoak eta ibilgailu komertzialen errotulazioa.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa. Objektu honetarako, guztira, 1.500,00 euro erabiliko dira, Euskera Zerbitzuko 2016ko ekitaldiko aurrekontuetako 4 3350 4820006 (Errotuluetarako diru-laguntzak) partidan jasotako kredituaren kontura. Baimendutako gastua handitu edo murriztu ahal izango du aldaketaren zenbatekoaren arabera eskumena esleituta duen organoak. Dena den, horrek ez du beste deialdi bat egitea ekarriko.

Euskera hutsean idatzita dagoen errotulua jartzen duenari gastuaren % 50 ordainduko zaio. Gehienez 500 euro emanen zaizkio. Euskaraz eta erdaraz idatzita dagoen errotulua jartzen duenari % 25 ordainduko zaio. Gehienez ere 250 euro. Betiere elebitasun pizgarriaren irizpidea erabili beharko du, alegia euskarazko testuak —tamainarengatik, tokiarengatik edo azpimarratuta egoteagatik—  lehentasuna izanen du.

Diru-laguntzek deialdiari esleitu zaion diru-kopurua baino gehiago jotzen badute, aurrekontuetan gehienez ere aurreikusi den diru-esleipena behar den epean eta behar den moduan aurkezten diren eskaeren artean zatituko da, deialdiko baldintzak betetzen dituztenen artean betiere.

4. Deialdiaren publizitatea. Deialdi hau aditzera emateko, prentsa-oharra helaraziko zaie hedabideei. Horretaz gain, deialdiaren testu osoa Sakanako Mankomunitatearen webgunean jarriko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
5. Eskabideak aurkezteko epea. Eskabideak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 2ra artekoa izanen da.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa. Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da Sakanako Mankomunitateko erregistroan:
a) Eskabide ofiziala beteta.
b) IFKren fotokopia.
c) Fakturaren fotokopia.
d) Errotuluaren argazkia.
e) Aitorpena, objektu honetarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako diru-laguntza guztiena. Adierazi beharko da eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden; azkenengo kasu horretan, erantsiko da kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia.
Hori dena zuzenean edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitako beste prozeduraren bat erabiliz egin ahal izango da. Hona helbidea:

Sakanako Mankomunitatea
Uriz 32
31830 Lakuntza
948 464840
euskara1@sakana-mank.eus

7. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak. Diru-laguntzak kartel edo elementu bakoitzari aplikatuko zaizkio.

Ez dute diru-laguntzarik hartuko bakarrik izen-abizenak edo toponimoak dituzten errotuluek ezta gaizki idatziak edo oker gramatikalak dituztenek.

Sakanako Mankomunitateak itzulpen eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die doan errotulua euskaraz jarri nahi dutenei.

Eskatzaileak Sakanako Mankomunitatearekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea ezinbestekoa da (mankomunitateak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko).

8. Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea. Aurkeztutako dokumentazioan okerrik dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, hamar egun emango zaizkio eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo agiriak osatzeko. Epe hori igaro eta akatsa zuzendu edo agiriak osatu ez badira, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da. Sakanako Mankomunitateko lehendakariak horretarako ebazpena egingo du.

9. Ebazpena. Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Sakanako Mankomunitateko lehendakariak emango du Euskera Batzordearen irizpena aintzat hartuz, hamabost eguneko epean. Ebazpen hori interesatu guztiei jakinaraziko zaie.

Ebazpenean nori eman zaion diru-laguntza zehaztu behar da, eta berariaz adierazi behar da gainerako eskaerak ezetsi direla. Era berean, ebazpenak adierazi beharko ditu haren aurka jotzeko dauden errekurtso bideak, zein organoren aurrean aurkeztu behar diren eta zein epe dagoen hori egiteko, beste edozein errekurtso bide erabiltzeko eskubidea baztertu gabe.

Ebazpena eman eta ordaintzeko epea lau hilabetekoa da, gehienez ere. Diru-laguntza eman eta ordainketa agintzeko ebazpena emateko epea 2016ko abenduaren 30ean amaituko da. Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da.
10. Diru-laguntzaren ordainketa. Diru-laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira. Banku transferentzia eginen da eskatzaileek adierazitako kontu korrontearen zenbakian.

Onuradunen bati esleitutako laguntzaren zenbatekoa murrizten bada dokumentazio osoa ez aurkezteagatik, ez justifikatzeagatik edo epeak edo deialdiko oinarrietakoren bat ez betetzeagatik, soberakina gainerako onuradunen artean proportzionalki banatzen ahalko da.

11. Bateragarritasuna. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuk objektu berberaz emandakoekin, betiere gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada.

12. Diru-laguntzen itzulketa. Diru-laguntza zati bat edo osoa edo itzuli beharko da ondotik azaltzen direnak gertatzen direnean:
a) Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
b) Eskatzen diren agiriak ez aurkeztea horretarako ezarritako epean.
c) Objektu bera duten eta bateraezinak diren diru-laguntzak aldi berean jasotzea.
d) Nahitaez onartu behar diren egiaztapenak ez onartzea edo oztopatzea.

13. Arau-hauste eta zehapenak. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Diru Laguntzen
Araudi Orokorrak aginduko dute.

14. Datuen babesa. Eskatzaileen datuak Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira. Eskatzaileek ematen dituzten datuak Sakanako Mankomunitateak kudeatzen dituen datu pertsonalen fitxategietan sartuko dira. Betiere helburua izango da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duen beste edozein administrazio espediente kudeatzea. Fitxategi horren arduraduna Sakanako Mankomunitateko Euskera Zerbitzua izango da, eta sartu, zuzendu, ezereztu eta aurka egiteko eskubideak Sakanako Mankomunitatea duen  jendearendako harrera bulegoan (Lakuntzan, Uriz 32) egikaritu ahal izango dira.

15. Ordezko arauak. Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

16. Errekurtsoak. Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahal izango da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, helegitea aurkezten den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, helegitea aurkezten den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Helegitea aurkezten den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Sare sozialetara gehitu

<< atzera