Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Nafarroako toki administrazioetako euskara teknikarien kontratazio zerrenda osatzeko deialdia

Onartuen eta baztertuen behin-betiko zerrenda

1. ARAU OROKORRAK

1.1.- Deialdi honen xedea da subsidiarioki osatzea indarrean dagoen euskara-teknikarien kontratazio-zerrenda (2020ko urtarrilaren 9an onartu zen, Berriozarko Alkatetzaren 202000011 zenbakidun Ebazpenaren bidez). Zerrenda hori, era berean, Berriozarko Alkatetzaren 20200171 zenbakidun Ebazpenaren bidez 2020ko martxoaren 3an onartutako deialdi subsidiario batetik sortutako zerrendarekin osatu zen, eta, horrela, hobeto erantzun ahal izango zaie gaur egun Nafarroako Toki Erakundeen Hitzarmena sinatu duten Nafarroako Udalei. Horrela, bada, deialdi honekin sortzen den zerrendako lehen pertsonari deituko zaio jada indarrean dagoen zerrendako azkenari deitu ondoren, hau da, 2020/01/09an onartutako zerrendakoari eta 2020/11/09an onartutako subsidiariokoari. ”

1.2.- Deialdi honetatik eratorritako kontratazio zerrendaren indarraldia alkatetzaren ebazpenaren bidez onartzen den egunean hasiko da eta 2020ko urtarrilaren 9an onartutako zerrendarekin batera amaituko da.

1.3.- Deialdi hau argitaratzean, honakoak dira toki-erakunde sinatzaileak: Agoizko Udala, Aezkoako Batzarre Nagusia, Atarrabiako Udala, Aurizko Udala, Baztango Udala, Barañaingo Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Burlatako Udala, Zizur Nagusiko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Erronkariko Ibaxaren Batzordea, Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Izarbeibarko Mankomunitatea, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea, Uharteko Udala, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordea,

1.4. Lanpostuek B mailako lansaria izanen dute, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen lansarien behin-behineko erregelamenduan eta hura garatzen edo aldatzen duten  gainerako xedapenetan ezarri bezala; baita kontratua egiten duen toki-erakundearen plantilla organikoan ezarritako osagarriak ere.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunak noiznahi aldatu ahalko du.

2. BETE BEHARRAK

2.1. Toki-erakundeetan euskara sustatzeko plan orokor eta sektorialak prestatzea eta kudeatzea, eta horien kontrola eta jarraipena egitea.

2.2.  Toki-erakundeak euskararen sustapenari buruz hartzen dituen erabakiak  betetzen direla begiratzea, eta horiei kontrola eta jarraipena egitea.

2.3. Zerbitzua ematen duen dagokion toki-erakundeari nahiz udalerri horretako gizarteko beste sektoreei beren euskararekin lotutako jardunetan aholku eta laguntza teknikoa ematea.

2.4. Toki-erakundeko taldeei nahiz bertako gizarte eragileei soziolinguistika alorrean aholku ematea.

2.5. Toki-erakundeko euskara batzordean parte hartzea.

2.6. Beste udal, mankomunitate eta euskara zerbitzuekin nahiz foru erakundeekin harremanean jarri eta koordinatzea.

2.7. Euskararen sustapenean diharduten eskualdeko nahiz kanpoko elkarte eta taldeekin harremanean jarri eta koordinatzea.

2.8. Toki-erakundeko organoek agindutako beste edozein eginkizun, betiere lanpostuarekin ikusteko badu.

3. IZANGAIEN BETEKIZUNAK

3.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek ondoren aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako:

a) Espainiarra izatea, edo Europako Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen duen eremuko estatu batekoa. Espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek ere hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Euskarazko hizkuntza gaitasuna egiaztatzen duen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Unibertsitateko diplomatu edo graduatuko, ingeniari teknikoko, arkitekto teknikoko edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea eskabideak aurkezteko mugaegunean, edo halakoak eskuratzeko moduan egotea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

g) Ibilgailuak gidatzeko B mailako baimena izatea.

Aipatutako baldintzak, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzeaz gain, hautaketa-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

4. ESKABIDEAK

4.1. Deialdian parte hartu nahi duten izangaiek mezu elektronikoa bidaliko dute helbide honetara: euskara.atarrabia@villava.es. Zehazki, izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, telefono mugikorraren zenbakia eta jakinarazpenetarako erabili behar den helbide elektronikoa idatziko dute mezu horretan.

4.2. Mezu elektronikoa bidaltzeko epea: 2021eko urriaren 14ra bitarte (epea urriaren 15ean, 15:00etan bukatuko da). Urriaren 18an argitaratuko dira izangai onartuen zerrenda eta lehenengo proba egiteko data, ordua eta lekua. Argitaratzeko lekua: Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoa: www.villava.es  (administrazio elektronikoa / egoitza elektronikoa / iragarki ofizialak).

5.  EPAIMAHAIA

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

a) Mahaiburua: Atarrabiako Udaleko alkatea edo horrek eskuordetutako pertsona.

Ordezkoa: Atarrabiako Udaleko euskara arloko zinegotzi arduraduna edo horrek eskuordetutako pertsona.

b) Mahaikidea: Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareko euskara teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareko euskara teknikaria.

c) Mahaikidea: Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareko euskara teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareko euskara teknikaria.

d) Mahaikidea: Atarrabiako Udaleko ordezkari sindikalek izendatutako pertsona.

Ordezkoa: Atarrabiako Udaleko ordezkari sindikala edo horrek eskuordetutako pertsona.

e) Mahaikide-idazkaria: Atarrabiako Udaleko euskara teknikaria, edo horrek eskuordetutako pertsona.

Ordezkoa: Atarrabiako Udaleko idazkari nagusia edo horrek eskuordetutako pertsona.

5.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehen epaimahaia eratuko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu dei honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira. Halaber, izangaiek epaimahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, arrazoi horiek izanez gero.

6. OPOSIZIOALDIA

6.1. Proba guztien gehieneko balorazioa 20 puntukoa izanen da. Proba eta ariketa bakoitzean jarritako puntuazioaren erdia lortu beharko dute izangaiek. Hori lortzen ez duena baztertua geratuko da.

6.2. Bi proba eginen dira.

Lehenengoa idatzia izanen da, lanpostuan bete beharreko eginkizunekin lotutako bi kasu praktikori buruzkoa. 10 arteko puntu kopurua emanen zaio eta 5ekora iristen ez diren izangaiek ez dute proba gaindituko. Proba idatzi honetan euskara maila ere baloratuko da. Gehienezko denbora: 3 ordu.

Bigarrena ahozkoa izanen da eta lehenbiziko proba gainditu dutenak baino ez dira igaroko. Hamabost minutuan eta mahaikideen aurrean, aurreneko fasean egindako ariketa defendatuko dute. Mahaikideek ariketaren gaineko eta lanpostuarekin lotutako beste alderdi batzuen gaineko galderak egin ahal izanen dizkiete. Bigarren proba honi ere 10 arteko puntu kopurua emanen zaio eta 5ekora iristen ez diren izangaiek ez dute gaindituko. Ahozko proba honetan euskara maila ere baloratuko da.

6.3. Lehenengo proban plika sistema erabiliko da eta izangaiek boligrafo urdina erabiliko dute.

6.4. Ariketa guztiak euskaraz eginen dira.

6.5. Galarazia dago ariketetara kontsultarako materiala eramatea.

6.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiria aldean dutela agertu beharko dute.

7. PROBEN BALORAZIOA

7.1. Epaimahaikide bakoitzak bere aldetik emanen du proba bakoitzaren kalifikazioa, eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da proba horren puntuazioa. Epaimahaikideek emandako puntuaziorik handienaren eta txikienaren arteko aldea proba horretarako aurreikusitako puntuazioaren ehuneko 30 baino handiagoa bada, muturreko bi puntuazio horiek ez dira kontuan hartuko, eta banaz besteko aritmetikoa lortzeko gainerako puntuazioak baino ez dira erabiliko.

7.2. Epaimahaiak lehen proba gainditu dutenen zerrenda eta erdietsitako kalifikazioa jarriko ditu Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoan. Horietan zehaztuko da bigarren proba non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

8. PROBAK GAINDITZEN DITUZTENEN ZERRENDA

8.1. Azken probaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda jarriko du Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoan. Zerrenda hori erdietsitako puntuazioaren arabera eginen da, puntuazio gehien lortu duen izangaitik hasita.

8.2. Azken puntuazioan bi izangairen edo gehiagoren artean berdinketa gertatuz gero,  bigarren proban puntu gehien lortutako izangaia geratuko da aurretik kontratazio-zerrendan. Berdinketak jarraitzen badu zozketaz erabakiko da.

9. AGIRIAK AURKEZTEA

Bigarren proba gainditzen duten izangaiek deialdi honen hirugarren atalean ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte, Atarrabiako Udalak adieraziko dien moduan eta epearen barnean.

Horrela egiten ez duen izangaia kontratazio zerrendatik kanpo geratuko da.

10. KONTRATAZIO ZERRENDEN KUDEAKETA

Deialdi honen bidez sortutako kontratazio-zerrendako izangaiak deitzeko 2019ko irailaren 2an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdian ezarritako arau orokorrak jarraituko dira (11. atala).

11. DATUEN BABESA

2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (RGPD) ezarritakoarekin bat eginik, izangaiei jakinarazten zaie:

– Atarrabiako Udala dela deialdian parte hartzen dutenek emandako datuen tratamendu-arduraduna.

– Tratamenduaren xedea da deialdi honen helburua diren lanpostuak hornitzeko langileak hautatzea.

– Oinarri juridikoa: RGPDren 6.1.c) art., tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-eginbeharra betetzeko, eta RGPDren 6.1.b) art.,  tratamendua beharrezkoa da interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.

– Datuak gordeko dira horiek biltzeko izan den helburua betetzeko eta deialdiaren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak ebazteko beharrezko denboran. Aplikagarria izanen da fitxategiei eta agiriei buruzko araudian ezarritakoa (Nafarroako Toki-Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta deuseztatzeko argibideak).

– Datuak legeak aurreikusitako egoeretan komunikatuko dira (urriaren 30eko 5/2015 ELD), gardentasunerako atarian argitaratzea barne (5/2018 Foru Legearen 19.2.f art.). Halaber, datuak euskara teknikariaren lanpostua bete behar duten eta Atarrabiako Udalari eskatzen dioten toki-erakundeei emanen zaizkie, administrazioen artean sinatutako hitzarmenean xedatutakoarekin bat.

– Titularrek datuen sarbiderako, zuzenketarako, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta eramangarritasunerako eskubideak gauzatu ditzakete udal bulegoetan, datuen babeserako ordezkariaren bidez edo webgunean  (www.villava.es) non informazio gehiago aurkituko duten.

– Halaber, badute Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren aurrean erreklamatzeko eskubidea (aepd.es) haien ustez datuen tratamendua ez bada indarrean den legeak arautu bezalakoa.

12. ERREKURSOAK

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat jarri ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aurrera.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.

Onartuen eta baztertuen zerrenda (2021/10/20)

Onartuen eta baztertuen behin-betiko zerrenda (2021/11/02)