Sakanan hondakinak ongarri bihurtzen

uztaila 10, 2021

Etxean sortzen dugun materia organikoa konpost bihurtu dadin beharrezkoa da ongi bereiztea eta dagokion edukiontzian botatzea. Konpost bihurtuta gure baratzak aberastuko ditu eta zikloa itxiko dugu.

Zatoz materia organikoak Sakanan egiten duen bidaia ezagutzera!

Bidai honetan hasi aurretik, lehendabizi jakin behar dugu gure esku dagoela sortzen dugun materia organiko kantitatea gutxitzea. Gaur egun Nazio Batuek bildutako datuen arabera munduan sortzen diren elikagaien heren bat galdu edo xahutu egiten da. Frutaren eta barazkien kasuan %45-eko galera izatera iristen gara. Gogorarazi behar dugu ere bai, Nafarroan, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egindako estimazioen arabera 115.000 elikagai tona baino gehiago hondakin bihurtzen direla, horietatik %42 etxeetan xahutzen ditugula. Horrek esan nahi du Nafarroan, eta Sakanan ere bai, erosketetan planifikazio falta, gaizki gorde eta kontsumitu, edota gehiegizko razioak sukaldatzearen ondorioz, biztanle bakoitzak hondatu gabeko 75 kg janari botatzen dituela, batez beste, urtero. Asko dago hobetzeko!

Janaria ez xahutzeko ezinbestekoa izango da aholku hauek kontutan izatea:

  • Asteko menua aurreikusi.
  • Erosketa arduratsua egin.
  • Garaiko produktuak erosi.
  • Elikagaiak ongi kontserbatu.
  • Soberakinak erabiltzeko errezetak egin.
  • Jatetxeetan soberan uzten dena etxera eramateko prestatzea eskatu.

Esan bezala bada, etxean ezinbesteko materia organikoa bakarrik sortu beharko genuke eta birziklatu ahal izateko ongi sailkatu behar dugu, bere bilketa bereiztua burutu ahal izateko. Materia organikoan hurrengo zerrendan izendatzen ditugun hondakinak bota daitezke: fruta eta barazki azalak, lekale, pasta eta arroz hondakinak, fruitu lehor azalak, arraultza oskolak, haragi, arrain eta marisko hondarrak, gazta azala, kortxo naturalezko tapoiak, txotxak, egurrezko makil txikiak, janari hondarrez zikindutako papera, sukaldeko papera, erabilitako ezpain-zapi txuriak, madalenen papera, erabilitako paperezko mukizapiak, kafe hondarrak, iragazkiak, infusio hondarrak/poltsatxoak, ogi eta opil hondarrak.

 

Sakanan bildutako materia organikoa konpost bihurtzen da. Horretarako bide desberdinak hartu ditzake, Sakanako Mankomunitateak bilketa sistema desberdinak ezarrita baititu. Aukeran konposta etxean edo auzoan egin daiteke, edo biltzaileek eramateko atez ateko postetara atera edo 5. edukiontzi marroira bota.

Lur sail edo baratza duen edonork etxean konposta egin nahi badu, mankomunitateko Hondakin Zerbitzuari  konpostera eskatu diezaioke, bertan materia organikoa konpost bihurtzeko. Materia organikoak kasu honetan bidai laburra egiten du sukaldetik etxeko baratzean dagoen konposteraraino.

Orain dela gutxi arte Sakanako herri txikietan (Ziordia, Lizarragabengoa, Ergoiena, Arruazu, Irañeta eta Arakil), edukiontzien ekarpen etxolen ondoan konposterak zituzten auzokonposta egiteko. Konfinamendu garaiaz geroztik hauen mantenua egiten zuten langileak bilketa lanetan dabiltza eta beraz konposterak erabiltzeari uzteko ekarpen etxoletan edukiontzi MARROIA jarri zen, bertan materia organikoa botatzeko.

Hemendik aurrera materia organikoaren bilketa bermatzeko edukiontzi hauek mantendu eginen dira eta, beraz, auzokonposterak kendu egingo dira.

Materia organikoa atez ate biltzen den herrietan ere (Olazti, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza eta Uharte Arakil), auzokonpostak bazeuden baina mantenua ezin eginagatik itxita gelditu ziren. Geroztik materia organikoa posteetan biltzen ari da.

Lakuntzan eta Ziordian, udalekin batera hartutako erabakiaren ondorioz, auzokonpostak kenduta daude eta bizilagunek materia organikoa posteetara atera behar dute nahi eta nahi ez. Gainontzeko herrietan ikusteke dago auzokonpostak bolondreski mantenduko dituzten bizilagunik dagoen. Auzokideek mantenu lanak beraien gain hartuz gero, auzokonpostak bertan mantenduko lirateke. Bolondresik ez balego auzokonpostak kendu eta materia organikoa astelehenetan eta ostegunetan posteetan biltzeko ateratzen jarraitu beharko da. Materia organikoa mankomunitateak ematen duen kuboan atera behar da bilketa puntuak garbi mantentzeko. Poltsatan ateratzen denean, askotan apurtu egiten dira, bilketa puntuak zikinduz. Kuboa behar izanez gero Arbizuko UtzubarEKOgunera joan behar da eskuratzera. Harrera ordutegia astelehenetik ostiralera da, 9:00etatik 14:30etara.

Altsasun materia organikoa botatzeko 2018. urteaz geroztik edukiontzi marroia jarrita dago. Giltzapetutako edukiontzia da materia organikoa ongi bereizten dutenek erabiltzeko. Gaur egun Altsasuarren %26 inguruk bakarrik izena emana du edukiontzi marroia erabiltzeko. Horrek esan nahi du errefusan (edukiontzi berdea) biltzen denaren ia erdia (%40 inguru) materia organikoa izaten jarraitzen duela. Ondorioz, eta zoritxarrez, milaka eta milaka tona hondakin Tuterako El Culebrete zabortegira bidaltzen jarraitzen dugu.

Materia organikoa 5.edukiontzian botatzeko ematen den kit-a.

Beraz, bizilagun bakoitzaren esku dago materia organikoaren bidaia laburtzea. Izan ere, edukiontzi marroia erabiliz gero, materia organikoa Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzuko kamioiek bildu eta Arbizun martxan jarri den konpost plantan ongarri bihurtuko baita. Horregatik hobetze bide honetan, edukiontzi marroia erabiltzera gonbidatzen zaituztegu. Horretarako 900 730 450 doako telefonora deitu, izena eman eta materia organikoa bereizteko kit-a emango dizuegu: 10 litroko kubo aireztatua, poltsa konpostagarriak, birziklapen gida eta edukiontzi marroia irekitzeko giltza. Poltsa konpostagarriak edo/eta giltza berria behar izan ez gero, eskuragai egoten dira Altsasuko Garbigune Finkoan, baita Garbigune Mugikorrean ere.

Altsasun ere badaude bi gune auzokonposta egiteko aukera ematen dutenak. Bata Otadian dago eta bestea Idertzagainen. Itxita egon dira baina laister hobekuntza batzuk egitea aurreikusita dago berriro martxan jartzeko intentzioarekin. Irurtzunen bezala giltzapetuta daude eta giltza mankomunitatean eskuratu ahalko da martxan jartzen direnean.

Irurtzunen kasuan oraingoz auzokonpostaren aldeko apostua egin da materia organikoa bereizteko. Auzokonposterak erabili nahi dituen edonork, bere auzoko konposteraren giltza eskura dezake mankomunitatean. Bertan materia organikoa bota eta eskuragai egoten den egituratzailearekin estaltzea komeni da, konpost prozesua ongi joan dadin.

Aipatzeko da Irurtzunen auzokonposteren kudeaketa eredu izan dela, auzokonpostera bakoitzean bolondres bana baitago hasieratik eta oso kalitate oneko organikoa botatzen baita. Hala ere, herritarren %24,86ak banatzen du organikoa, eta beraz ezinbestekoa da herritar gehiago organikoa banatzen hastea. Organikoa banatzen hasi nahi duen Irurtzundarrek 900 735 450 doako telefonora deitu besterik ez dute behar behar den materiala eta informazioa eskuratzeko.

Bilketa sistema desberdinak egon arren, dela atez ate dela edukiontzi marroia, bilketa kamioiek biltzen duten materia organiko guztia Arbizuko konpost plantara ekartzen dute. Planta honetan Sakanako inausteak biltzen dira ere bai eta txikitzen direnean konposta egiteko egituratzaile moduan erabiltzen dira. Materia organikoa egituratzailearekin nahastu eta ilaretan jarriko da. Pila hauek aireztapena behar dute. Naturan gertatzen den bezala, materia organikoa deskonposatuz joango da eta ura galduz, lur ilun batean, konpostan, bihurtu arte. Sei hilabeteren buruan gutxi gora behera, etxean bota genuen laranja azal bat, bidai guzti hau egin ondoren, konpost bihurtuta, kribatzailetik pasa eta lur xehe xehe batean bilakatuta egongo da.

 

Sortutako konposta Sakanako bizilagunen artean banatzen jarraituko da UtzubarEKOgunean. Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzuan alta emana dagoen edozein bizilagunek urtean bost zaku hartzeko aukera izango du: hiru zaku udaberrian eta bi udazkenean. Horretarako zakuak etxetik ekar daitezke. Zakurik ez izatekotan, Mankomunitatetik Piensos Unamunok gordetzen dizkigun zakuak berrerabiltzen ditugu. Bulegoan izena eman eta Hondakin Zerbitzuko Hezitzaileak bideratuko zaituzte konposta non hartu behar den jakiteko.

Aurten, 2021 urteko ekainaren 11an, goizeko 9:05etan 100.000. konpost kilo banatu genuen urtarrilaren 1etik hasita. Azkar esaten da baina 100.000 konpost kilo horiek bizilagunen artean banatu ahal izatea materia organikoa ongi bereiztu duten sakandarroi eta Sakanako Mankomunitateak ematen duen Hondakin Zerbitzuari esker izan da.

100.000. konpost kiloa eraman zuten Hiriberriko bizilagunak.

Segi dezagun denon artean hondakinen kudeaketa hobetzen eta lagundu materia organikoak bidai hau egin dezan!

 


<< atzera