Bi turismo informatzaile kontratatuko dira

June 1, 2017

Turismo informazio gunearen kudeaketarako bi lanpostu oposizio lehiaketa bidez aterako ditu Sakanako Mankomunitateak. Lanaldia % 100ekoa izango da eta informatzaileek, besteak, beste, turisten harrera eta informazioa kudeatu beharko dute, informazio eta datuen bilketa, eguneratzea eta tratamendua eginen dute, eta bisiten gidaritza egin eta turismo informazio guneen kudeaketaz arduratu beharko dute.

Hautatua izateko gutxieneko eskakizunen artean daude, lanbide Heziketako Bigarren Mailako edo Batxilergoko titulua izatea, EGA titulua edo haren baliokidea izatea, Ingeles titulua (B1) edo haren baliokidea izatea, B motako gidabaimena eta ibilgailu propioa izatea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Sakanako Mankomunitateko bulegoetan aurkeztu beharko dira 2017ko ekainaren 9ko 14:30ean baino lehen. Eskabideekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) NANaren fotokopia konpultsatua edo identifikazio agiri baliokidea, bai eta B motako gidabaimenarena ere.
b) Langabezian dagoela eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribiturik dagoela egiaztatzen duten agiriak.
c) Lehiaketaldian baliatu dituen merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak.

Proba teorikoa ekainaren 15ean 10:30etatik 12:30etara Sakanako Mankomunitateko egoitzan izango da (Uriz Kalea 32, Lakuntza) gaiak ondorengoak izanik: Sakanako geografia eta historia, turismoa Sakanan, ekimen eta zerbitzu turistikoak eta turismo-baliabideak, bisita gidatuak, haien kudeaketa eta informazio guneen kudeaketa.

Proba praktikoa ekainaren 20an egingo da, 8:30etik aurrera, Utzuganen (Utzuar industrialdea, Arbizu), eta izangai bakoitzak 20 minutu edukiko ditu.

TURISMO INFORMATZAILE DEIALDIA

Sare sozialetara gehitu

<< atzera