Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Nafarroako ipar-mendebaldeko ikerketa soziolinguistikoa: prentsa oharra

Nafarroako ipar-mendebaldeko eskualdeak —Baztan, Malerreka, Bortziriak, Leitzaldea, Larraunaldea, Ultzamaldea eta Sakana— hartuko dituen ikerketa soziolinguistiko bat egiten ari gara. Helburua, euskararen ezagutza eta erabilerari buruzko datuak eguneratu eta euskararen erabileran eragiten duten faktoreei buruzko diagnostikoa egitea da. Jakin nahi da, adibidez, 12-16 urte bitarteko gazteek zein hizkuntza erabiltzen dituzten harremanetarako eremu ezberdinetan edota zein diren euskararen familia bidezko transmisioaren datuak.

Nafarroako mendialdeko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuak ari gara azterlan hau egiten, Siadeco ikerketa elkartearen aholkularitza teknikoarekin. Kudeaketa administratiboaz Sakanako Mankomunitatea arduratzen da horretarako eskumena eman baitiote Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Baztango Udalak eta Malerrekako Mankomunitateak.

Ikerketak bi atal ditu. Lehena ikerketa kuantitatiboa da, eta horren barne DBHko ikasmaila guztietako ikasleak inkestatu dira. Ikastetxe guztiei tokian tokiko lehendakariaren gutuna helarazi zaie ikerketaren nondik norakoak azaltzeko. Galdetegia ere bidali zaie ikastetxeei aldez aurretik. Ikastetxe bakar batean ere ez da eragozpenik izan galdetegia egiteko. Ikasle bakarra izan da ikerketatik kanpo gelditu dena, bere gurasoek hala eskatu dutelako.

Galdetegiari dagokionez, ikerketa soziolinguistikoetan erabiltzen den ohiko galdetegia da, Siadeco enpresak diseinatua eta eremu horretako euskara teknikari guztien onespena duena. Galdetegia anonimoa da, datuen babeserako legediari jarraiki.

Bigarren atalean ikerketa kualitatiboa eginen da, eta horretarako hainbat teknika erabiliko dira: eztabaida taldeak, delphi elektronikoa eta elkarrizketa sakonak. Helburua da euskararen erabileraz eta egoera orokorraz dituzten iritziak jasotzea, eta nagusiki 10 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoekin landuko da.

Ikerketa soziolinguistiko honek aurreko legegintzaldiko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du, gainera, euskara erabiltzeko eta sustatzeko toki entitateendako diru-laguntza deialdiaren barruan, hain zuzen ere.

Horiek horrela, adierazi nahi dugu inkesta hau egiteko ohiko prozedura erabili dela, eta ikastetxeen onespena izan dugula. Ez zaie hirugarrenei baimenik eskatu toki-entitateek zein ikastetxeek autonomia dutelako gisa honetako ikerketak egiteko.

Aitor Karasatorre Mugurutza.
Sakanako Mankomunitateko lehendakaria.

Mentxu Peña Lizarazu
Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria.

Joseba Otondo Bikondoa
Baztango alkatea.

Juan Mari Irastortza Garaño
Iparraldeko Euskara Mankomunitateko lehendakaria.

Jon Telletxea Juanenea
Malerrekako Mankomunitateko lehendakaria,

Nafarroako Gobernuaren prentsa oharra.

Prentsa oharra A. Karasatorrek sinatua.