Hemendik aurrera, konpostagarriak ez diren kafe kapsulak Arbizuko eta Altsasuko garbiguneetara eta garbigune mugikorrera eramateko aukera egonen da.
Sakanako Mankomunitateak eta Circularcapsek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute kafe-kapsulen birziklapena sustatzeko.
Garbiguneetan bildutako kapsulek tratamendu-prozesu bat jasoko dute, eta horrek haien osagai desberdinak berreskuratu eta erabilera berriak eman ahal izatea ahalbidetuko du. Lehenik, xehatu egiten dira kafe-hondarrak bereizteko, eta horiek mantenugaietan aberatsa den konposta egiteko erabiltzen dira. Ondoren, kapsula hutsak material motaren arabera sailkatzen dira: aluminioa urtzen da produktu berriak sortzeko, hala nola bizikletak, eta plastikoa granulu bihurtzen da, kaleko altzariak, loreontziak eta eguneroko beste objektu batzuk fabrikatzeko erabiltzen direnak.