Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Sakanako Mankomunitateak bat egin du Nafarroako toki eta lurralde entitateek sustatutako adierazpen instituzionalarekin, feminismoak historian zehar izan duen ekarpena aitortuz eta berdintasun erreal eta eraginkorraren aldeko konpromisoa berretsiz.
Adierazpenak gogorarazten du gaur egun normaltzat jotzen ditugun eskubide eta askatasun asko, boto eskubidea, hezkuntza berdintasunean, lan ordaindua eta autonomia ekonomikoa, dibortzioa, mugitzeko askatasuna edo norberaren gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea, mugimendu feministaren borroken eta emakumeen antolamendu kolektiboaren ondorio direla.
Feminismoa zalantzan jartzen duten diskurtsoak ugaritzen ari diren testuinguru honetan, haren eginkizun erabakigarria aldarrikatzen dugu garapen sozialean, eskubideen hedapenean eta demokraziaren indartzean.
Sakanako Mankomunitateak berresten du berdintasunaren aldeko lana funtsezkoa dela gizarte bidezkoago eta demokratikoago bat eraikitzeko. Izan ere, gaur egun ditugun eskubide eta askatasunak borroka kolektiboaren emaitza dira.
Adierazpen instituzional osoa hemen kontsulta daiteke:
Declaración institucional 8M-M8 adierazpen instituzionala