Apirilaren 21ean Orientazio Proba egin zen Arbizuko basoan, Sandindegi eta Zubat inguruan. Jardueran Sakanako eta inguruko ikastetxeetako 122 ikaslek hartu zuten parte, DBH 4. mailakoek nagusiki, eta kasu batzuetan DBH 3. mailakoek ere bai.
Proban, ikasleek orientazioarekin lotutako trebetasunak landu zituzten natura-ingurunean, talde-lana, autonomia eta ingurunearen ezagutza uztartuz. Jarduera ikastetxeen arteko lankidetzaren bidez antolatu zen, eta 12 irakaslek parte hartu zuten antolaketa lanetan.
Honako ikastetxeek hartu zuten parte: Etxarriko Ikastolak, Agurain Institutuak, Altsasuko Institutuak eta Altsasuko Corazonistak. Guztira, Etxarriko Ikastolako 35 ikasle, Agurain Institutuko 40, Altsasuko Institutuko 24 eta Corazonistetako 23 ikasle aritu ziren orientazio proban.
Aurtengo edizioak inklusioaren ikuspegitik ere garrantzi berezia izan du. Izan ere, Altsasuko Institutuko gurpil-aulkia erabiltzen duen ikasle batek ere parte hartu zuen, Montes Solidarios elkartearen laguntzarekin.