Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

“EUSKARA AHORA”: EUSKALTEGIAN MATRIKULATZEKO DEI BATERATUA

Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen dirulaguntzek euskaltegiko matrikularen %80 eta %100 artean estaltzen dute

Helduen euskalduntzea sustatzeko `Euskara Ahora´ kanpaina bateratua aurkeztu dute Nafarroako zenbait entitate eta eragilek: Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez; Nafarroako 33 toki entitatek —haien artean Sakanako Mankomunitateak—; Hizkuntza Eskola eta Zubiarte euskaltegi publikoek eta gizarte ekimeneko AEK, IKA eta Bai&By euskaltegiek.

Euskara ikastaroetan izena emateko epea irekitzearekin batera, Nafarroako herritarrak euskara ikastera edo hobetzera eta, horretarako, euskaltegian matrikula egitera animatu dituzte: “euskaltegietan irakasleen eta taldeen laguntzaz, urratsez urrats, aurrera egiten dute abentura horretan. Euskaltegiaren esperientziak bizipen berriak eman eta aukerak zabaltzen ditu”.

Sustapen-kanpaina irail osoan eginen da. Horretarako, sare sozialak erabiliko dira; esku-orriak banatuko dira; iragarkiak jarriko dira markesinetan, tokiko aldizkarietan, irratietan bai eta NUPeko Arrosadiko Campusean ere. Bideo bat ere zabalduko da izen emateak sustatzeko. Gaztelaniaz eta euskaraz ez ezik, arabieraz, frantsesez eta ingelesez ere ematen da funtsezko informazioa.

Sakanan, Sakanako Mankomunitateak eta AEK-k elkarrekin lantzen dute kanpaina.

 

Euskaltegietan eskaintza zabala

Euskaltegiek ahalegin handia egiten dute beren prestakuntza-jarduerak mota guztietako publikoetara egokitzeko. Sakanan, AEK-ren Itsasi euskaltegiak maila guztiak eskaintzen ditu, goizez nahiz arratsaldez. Malgutasun handiagoa behar duenak, autoikaskuntza aukeratu dezake. Bestalde, euskara praktikatzeko Mintzakide ere badago, azken hau, doan.

Nafarroan euskaltegi gehiago ere badira: Hizkuntza Eskola Ofizialak, Zubiarte Euskaltegi Publikoa eta AEK eta IKA euskaltegiak. Nafarroako euskaltegien zerrenda osoa aurkitu daiteke Elaide.eus webgunean.

 

Dirulaguntzak: %80-%100 artean

Euskara ikasleendako Euskarabideko dirulaguntzak urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte eska daitezke. 2022-2023 ikasturtean 1.300 ikasle izan dira onuradunak (aurreko ikasturtean baino %30 gehiago).

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ikasturte bukaeran irekitzen du dirulaguntzak eskatzeko epea, ekainean.

Sakanako hainbat udalek ere euskaltegietako ikasleendako dirulaguntzak ematen dituzte.

Dirulaguntza horiek guztiak bateragarriak dira. Denen artean, matrikularen gastuaren %80 eta %100 artean estaltzen da.

 

Informazioa

Euskaltegien eskaintzaren eta dirulaguntzen berri Euskara Zerbitzuan (euskara2@sakana-mank.eus edo 948 464840) edo Elaide webgunean.