Maiatzaren 31n, igandean, Bizi Festa 2026 ospatuko da Ziordin. Jardunaldi berezia izango da, bizikleta, aisialdia eta herri giroa uztartuko dituena, eta Sakanako herritarrei parte hartzeko gonbita egiten zaie.
Eguneko ekintza nagusia bi orduko bizikleta ibilbide erraza izango da. Ibilaldia 9:30ean hasiko da, Ziordiko ibai ondoko parketik abiatuta. Ibilbidea adin eta maila desberdinetako pertsonek egiteko modukoa izango da: guztira 10 kilometro inguruko joan-etorria izango da, 60 metroko desnibelarekin. Amaieran, parte-hartzaileen artean opariak zozketatuko dira.
Aurtengo edizioak, gainera, badu berritasun berezi bat: Sakanako Bizikleta Ibilbidearen mustutze ekitaldia egingo da. Ekitaldia 11:45ean izango da, eta eskualdeko mugikortasun jasangarriaren eta bizikletaren erabileraren aldeko beste urrats bat izango da.
Goizeko egitarauak jarraipena izango du 12:00etan auzatearekin, parte-hartzaileen arteko topagune eta atseden une gisa. Ondoren, 12:30ean, jolas herrikoiak eta bizikleta konpontzeko tailerra izango dira. Tailerrak aukera emango du bizikletaren oinarrizko mantentze-lanei buruz ikasteko eta erabilera segurua sustatzeko.
Bizi Festa 2026 adin guztientzako ekimena da. Hala ere, 10 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta parte hartu beharko dute. Ibilaldia ez da lehiakorra izango, eta antolakuntzak gomendatzen du martxa hasi aurretik bizikleta ongi prestatuta eramatea. Segurtasun arrazoiengatik, parte-hartzaile guztiek antolakuntzak markatutako ibilbidea jarraitu beharko dute une oro.
Parte hartzeko
Parte hartu ahal izateko, aurretik izena ematea beharrezkoa da. Izen-ematea maiatzaren 26ra arte egin daiteke honako bide hauen bidez:
948 46 48 66
kirolak@sakana-mank.eus
648 070 710
anitzartean@sakana-mank.eus
Sakanako herritar guztiak gonbidatuta daude bizikletaz gozatzera, elkarrekin ibiltzera eta Bizi Festaren giroan parte hartzera.