Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Maria Markotegi Sarien eta Nanoipuin Lehiaketaren sariak banatu ditu, haur, gazte eta helduen euskarazko sorkuntza aitortzeko.
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak euskarazko sormena aitortu eta sustatzeko sari-banaketa egin du. Ekitaldian, alde batetik, haur eta gazteei zuzendutako Maria Markotegi Sariak banatu dira, eta, bestetik, euskaltegietako ikasleei eta Mintzakide programako parte-hartzaileei zuzendutako Nanoipuin Lehiaketako sariak.
Bi lehiaketek adin eta profil desberdinetako parte-hartzaileak bildu dituzte, baina helburu bera dute: euskaraz sortzeko gogoa bultzatzea, parte-hartzea sustatzea eta egindako lana aitortzea.
Maria Markotegi Sariak
Maria Markotegi Sariek lau sail izan dituzte aurten ere: booktubea, narrazioa, poesia eta komikia. Lehiaketak lau maila ditu: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak, DBHko 1. eta 2. mailak, eta DBHko 3. eta 4. mailak. Booktube sailean, DBHko 1. mailatik gorako gazteek parte hartu ahal izan dute.
Aurtengo edizioan 812 lan aurkeztu dira guztira: 457 narrazio sailean, 109 poesia sailean, 43 booktube sailean eta 203 komiki sailean. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 2.500 euro banatu ditu lan onenak saritzeko, guztira 27 lan. Sariak Sakanako liburu dendetan erabiltzeko txartelak izan dira, mailaren arabera 60 eurotik 120 eurora bitartekoak. Horrez gain, parte-hartzaile guztiek oparitxoa jaso dute.
Lehiaketan honako ikastetxeek hartu dute parte: Altsasu BHI, Andra Mari ikastola, Arbizuko Herri Eskola, Arrano Beltza ikastetxe publikoa, Atakondoa ikastetxe publikoa, Domingo Bados ikastetxe publikoa, Iñigo Aritza ikastola, Jesusen Bihotza ikastetxea, Lakuntzako Herri Eskola, San Donato ikastetxe publikoa, San Migel ikastetxe publikoa, Urdiaingo Herri Eskola eta Zelandi ikastetxe publikoa.
Epaimahaia honako kideek osatu dute: Toñi López eta Izaskun Etxeberria, literatura sailean; Joxemari Morcillo eta Olatz Aldasoro, komiki sailean; eta Katrin Ginea eta Aitor Karasatorre, booktube sailean.
Nanoipuin Lehiaketa
Nanoipuin Lehiaketa euskaltegietako ikasleei eta Mintzakide programako parte-hartzaileei zuzenduta dago. Lehiaketak hiru maila izan ditu: 1. mailan A1 eta A2 mailetako ikasleek parte hartu dute; 2. mailan B1 mailako ikasleek; eta 3. mailan B2 eta C1 mailetako ikasleek. Mintzakide programako parte-hartzaileek, berriz, duten ezagutzaren pareko mailan parte hartu dute.
AEK-ko Itsasi euskaltegiko ikasleek eta mintzakideek 46 lan aurkeztu dituzte guztira: 22 lan 1. mailan, 6 lan 2. mailan eta 18 lan 3. mailan.
Epaimahaia Monika Etxeberriak eta Garbiñe Petriatik osatu dute. Lau lan saritu dira, eta saridun bakoitzak 150 euroko txartela jaso du liburu dendetan erabiltzeko.
Sakanako Mankomunitateak zorionak eman dizkie saridun guztiei, baita parte-hartzaileei, ikastetxeei, euskaltegiari, Mintzakide programari, familiei eta epaimahaikideei ere, euskarazko sormena sustatzeko egindako lanagatik.




