Maiatzaren 13an, asteazkenean, Sakanako ikastetxeen arteko XIX. Herri Kirol Topaketa ospatuko da Arbizuko pilotalekuan, Sakanako Mankomunitateak antolatuta. Jardunaldia 10:00etan hasiko da, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako 200 ikasle baino gehiago elkartuko ditu.
Topaketan Sakanako hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute, herri kirolak gertutik ezagutzeko eta beste ikastetxeetako ikasleekin batera aritzeko. Guztira, ikasle eta irakasleen artean, 246 lagun bilduko dira Arbizun.
Jardunaldiaren helburua ez da lehiaketa egitea, baizik eta herri kirolak modu parte-hartzailean lantzea, ikasleen arteko harremanak sustatzea eta jarduera fisikoa giro hezitzaile batean bizitzea. Horregatik, ikasleak talde nahasietan arituko dira eta topaketak ez du sailkapenik izango.
Probak
Goizean zehar ariketa konbinatua egingo dute, koxkolak, txinga, zaku, korrika eta giza-plaza bezalako ariketekin. Horrez gain, Peio Kañamares eta Uxue Ansorregiren trontza erakustaldia izango da. Erakustaldi horren gaia aurretik landuko dute ikastetxeetan, herri kirolen inguruko ezagutza osatzeko.