Ikasturte hasierarekin batera, Sakanako mintzapraktika taldeak martxan jartzera doaz. Euskara praktikatu nahi baduzu, ez galdu aukera eta eman izena doan Sakanako Mintzakiden!
Praktikatuz ikasten da
Hizkuntzak erabiliz ikasten dira. Beraz, euskararen ikas-prozesua bizkortzeko eta aberasteko, euskara praktikatu behar da. Batzuetan, ordea, ez da erraza izaten euskaltegitik kanpo euskaraz egitea edo ingurukoekin ditugun hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretan laguntzen du Mintzakide egitasmoak.
Zer da Mintzakide?
Mintzakidek euskaraz aritzeko gunea eskaintzen du. Funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu nahi duen pertsona edo taldea euskaraz egiteko ohitura duen pertsona batekin elkartzen da. Euskaraz ongi moldatzen den pertsona ez da irakaslea; beste taldekide bat da, eta ikasten ari direnei edo erraztasunik ez dutenei laguntzen die mintzapraktika programan.
Taldeak, orokorrean, astean behin eta ordubetez elkartzen dira, eta taldekideek beraiek erabakitzen dute noiz eta non: tabernan, paseoan, parkean… Horrez gain, mintzapraktika zaletasunekin edo eguneko errutinekin uztartzeko aukera dago, mintzatalde bereziak sortuz: euskalkia edo hika lantzeko taldeak, gurasolagunak, mendilagunak, kakorratz-taldeak…
Sakanako mintza-taldeak
Joan zen ikasturtean 13 mintza-talde izan ziren Sakanan, baita udan bildu den 14. bat ere. Denera, 89 mintzakidek eman zuten izena, astez aste euskara praktikatzeko prest. Taldeak Sakanako zazpi herritan antolatu ziren: Ziordian, Olaztin, Altsasun, Etxarri Aranatzen, Arbizun, Lakuntzan eta Irurtzunen. Beste herrietan ere mintzapraktika taldeak sortzeko aukera dago.
Sakanako Mintzakide programa Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak finantzatzen du, eta Sakanako AEK-k koordinatzen du.
Eman izena doan!
600 482 024
sakana_mintza@aek.eus
praktikatu.eus/blog/sakana