Gotzone Butron idazlea (Urduliz, 1965) eta Aitziber Raya ilustratzailea (Murgia, 2001) izan dira 2025eko Etxepare Sariaren irabazleak, Orkestra zooragarria izeneko album eder eta ausartarekin. Aurtengo edizioan 29 lan aurkeztu dira, eta haien proposamena nabarmendu da sormenaren, musikaren eta haur literaturaren arteko uztarketa apartagatik.
Lan irabazlea ikusiz eta entzunez gozatzeko moduko album ilustratua da. Istorio dibertigarri eta original baten bidez, musika klasikorako gonbita egiten du, umorez eta irudimen handiz jantzia. Albumaren amaieran eskaintzen diren QR kodeen bidez, irakurleak istorioan aipatzen diren piezak entzuteko aukera du, esperientzia literarioa musikaz osatuz.
Epaimahaiak azpimarratu du lanak “testu eta ilustrazioen arteko oreka eta harmonia” lortzen duela, eta haurren irudimena pizteko duen gaitasuna goraipatu du. Albumak, gainera, tokiko, hizkuntza eta kultura-aniztasunaren keinuak ere biltzen ditu, eta musika garaikidearen hurbilketa xume baina esanguratsua proposatzen du.
Album saritua Pamiela argitaletxeak kaleratuko du 2025ko udazkenean, euskaraz.
Etxepare Saria Nafarroako 16 udalerri eta mankomunitatek antolatzen dute, horien artean Sakanako Mankomunitatea, eta Pamiela argitaletxearen, Galtzagorri elkartearen eta Nafarroako Gobernuaren (Euskarabidea) laguntza du.


