S
akanako Mankomunitateak maiatzaren 31n mustuko du Sakanako bizikleta-bide berria, eskualdean mugikortasun jasangarriagoa, seguruagoa eta osasungarriagoa bultzatzeko azpiegitura estrategikoa.
Mustutze ekitaldia Ziordian izango da, 11:45ean, Bizi Festa 2026 jardunaldiaren barruan.
Eguneroko mugikortasunerako lotura berria
Bizikleta-bide berriak Sakanako herrien arteko lotura hobetuko du, eta bizikletaz nahiz oinez egiten diren joan-etorriak seguruagoak, erosoagoak eta irisgarriagoak izatea ahalbidetuko du.
Helburua eguneroko mugikortasun aktiboa sustatzea da: lantokietara, ikastetxeetara, aisialdirako guneetara eta bestelako zerbitzuetara egiten diren desplazamenduetan. Horrela, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murriztea eta bizi-ohitura osasungarriagoak indartzea bilatzen da.
Sakana, Nafarroa eta Euskadi arteko mugikortasun aktiboko ardatzean
Bizikleta-bidea Horizontala – Sakana Lautada Ziklobidea markaren parte da, Irurtzun–Agurain/Salvatierra korridore ziklagarriaren barruan.
Lotura horrek Sakana Nafarroa eta Euskadi arteko mugikortasun aktiboko ardatz estrategiko batean kokatzen du, Plazaolako Bide Berdearekin eta dagoeneko martxan dauden beste ibilbide batzuekin konektatuz.
Eskualde barruko mugikortasunerako duen balioaz gain, azpiegitura berriak Sakana ipar penintsulako bizikleta-ibilbideen sarean indartzen du, turismo jasangarria eta lurralde-kohesioa bultzatuz.
2,4 milioi eurotik gorako inbertsioa
Jarduketak 2.492.357,25 euroko inbertsio osoa izan du, eta 2.376.180 euroko finantzaketa publikoa jaso du.
Lanak bost zatitan gauzatu dira, eta hainbat finantzaketa-iturri izan dituzte, besteak beste, Nafarroako Gobernua, Next Generation funtsak eta Cederna Garalur.
Bideen egokitzapenaz gain, ibilbidearen erabilera eta gozamena errazteko hainbat elementu jarri dira: bankuak, mahaiak, bizikleta-aparkalekuak, garbiketa-guneak eta bizikletak konpontzeko estazioak. Horrez gain, zuhaitz landaketak egin dira eta ibilbide osoaren seinaleztapena instalatu da.
Bizi Festa 2026: herritar guztiei irekitako jardunaldia
Bizi Festa 2026 jardunaldia 9:30ean hasiko da, adin guztietako pertsonei zuzendutako bi ordu inguruko bizikleta-martxa erraz batekin.
Bizikleta-bidearen mustutze ekitaldiaren ondoren, programazioak auzate osasungarri batekin, herri-jokoekin eta bizikletak konpontzeko tailer batekin jarraituko du.
Jardunaldiaren helburua mugikortasun jasangarria herritarrei gerturatzea eta Sakanarentzat garrantzitsua den azpiegitura berri honen abiatzea elkarrekin ospatzea da.
Izen-ematea
Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da. Izena emateko epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik.
Izena emateko bideak:
Telefonoak:
948 46 48 66
648 070 710
Helbide elektronikoak:
kirolak@sakana-mank.eus
anitzartean@sakana-mank.eus
Sakanako Mankomunitateak azpimarratu du azpiegitura honek eskualde konektatuago, jasangarriago eta osasungarriago baten aldeko apustua indartzen duela, mugikortasun aktiboa, emisioen murrizketa eta bizi-kalitatearen hobekuntza helburu hartuta.