Sakanako Mankomunitateak Sakanako XX. Atletismo Kopa antolatu du, eskualdeko oinezko lasterketetan parte hartzea sustatzeko eta korrikalari sakandarren ahalegina aitortzeko. Txapelketak Sakanan egiten diren hainbat proba bilduko ditu, eta emakumezkoen zein gizonezkoen sailkapenak izango ditu.
Aurtengo kopan lau lasterketa izango dira puntuagarriak. Lehen hitzordua XX. Aitzkibil Elkartasun Krosa izango da, maiatzaren 16an. Ondoren, Ziordiko XIII. Lasterketa Solidarioa egingo da, ekainaren 13an; Ergoienako XX. Bira, irailaren 19an; eta Zubeztia Elkartearen XLV. Lasterketa, abenduaren 8an.
Kopan sailkatu ahal izateko, parte-hartzaileek gutxienez urtebeteko antzinatasunez Sakanan erroldatuta egon beharko dute. Sailkapenean, Sakanako 10 emakumezko eta 10 gizonezko onenek puntuatuko dute. Horrez gain, gutxienez antolatzen diren proba guztietan parte hartu beharko da, batean izan ezik.
Sariak emakumezkoen eta gizonezkoen sailkapenetako lehen hiru postuetan sailkatzen direnei emango zaizkie. Lehen postua lortzen dutenek 80 euro jasoko dituzte kirol materialean; bigarren postuan sailkatzen direnek, 60 euro; eta hirugarren postuan sailkatzen direnek, 40 euro. Gainera, proba guztietan parte hartzen dutenen artean sari bat zozkatuko da.
Sakanako XX. Atletismo Kopa Sakanako Mankomunitateak antolatu du, Nafarroako Gobernuaren eta Dantzaleku Sakana atletismo taldearen laguntzarekin.