Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

`EUSKARA AHORA´: EZ GALDU EUSKARAK EMATEN DITUEN BIZIPEN BERRIAK ETA AUKERAK

Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen dirulaguntzek euskaltegiko matrikularen %70 eta %100 artean estaltzen dute

 

Helduen euskalduntzea sustatzeko `Euskara Ahora´ kanpaina bateratua aurkeztu dute Nafarroako zenbait entitate eta eragilek: Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez; Nafarroako 35 toki entitatek —haien artean Sakanako Mankomunitateak—; Hizkuntza Eskola eta Zubiarte euskaltegi publikoek eta gizarte ekimeneko AEK, IKA eta Bai&By euskaltegiek.

Euskara ikastaroetan izena emateko epea irekitzearekin batera, Nafarroako herritarrak euskara ikastera edo hobetzera eta, horretarako, euskaltegian izena ematera animatu dituzte. Aurten, kanpainak euskara jakiteak eskaintzen dituen bizipen berriak eta ematen dituen aukerak azpimarratu ditu “Ez galdu une hau. Ez galdu aukera hau” mezuarekin. Euskarrietan euskarari esker zabaltzen diren aukerak erakusten dira: seme-alaba txikiekiko harremana, lagun berriak, lan-aukerak, euskarazko kultura-eskaintza zabalaz gozatzea, etab.

Sustapen-kanpaina irail osoan eginen da. Horretarako, sare sozialak erabiliko dira, esku-orriak banatuko dira eta iragarkiak jarriko dira tokiko komunikabideetan. Bideoak ere zabalduko dira izen emateak sustatzeko.

Sakanan, Sakanako Mankomunitateak eta AEK-k elkarrekin lantzen dute kanpaina.

Euskaltegietan eskaintza zabala

Euskaltegiek bost hamarkada daramatzate Nafarroan euskara irakasten, euskarazko hiztunak sortzen, nafarrak euskaraz bizi daitezen bultzatzen eta euskarazko kultura zabaltzen. Urte horietan guztietan ikasleen beharretara egokitzen joan dira eta gaur egun eskaintza anitza dute.

Sakanan, AEK-ren Itsasi euskaltegiak maila guztiak eskaintzen ditu, goizez nahiz arratsaldez. Malgutasun handiagoa behar duenak, autoikaskuntza aukeratu dezake. Bestalde, euskara praktikatzeko Mintzakide ere badago, azken hau, doan.

Nafarroan euskaltegi gehiago ere badira: Hizkuntza Eskola Ofizialak, Zubiarte Euskaltegi Publikoa eta AEK eta IKA euskaltegiak. Nafarroako euskaltegien zerrenda osoa aurkitu daiteke Elaide.eus webgunean.

Dirulaguntzak: %70-%100 artean

2023-2024 ikasturtean euskara ikasteko ikastaroa egin dutenek, dirulaguntza eskatu dezakete Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan. Epea irekita dago irailaren 30era arte. Gainera, Sakanako hainbat udalek ere euskaltegietako ikasleendako dirulaguntzak ematen dituzte.

Bestalde, Euskarabideak 360.000 €-ko dirulaguntza aurreikusten du 2024-2025 ikasturterako , iaz baino 10.000 € gehiago, onuradunak urtetik urtera gorantz baitoaz. Dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 1etik abenduaren 2ra bitarte izanen da.

Dirulaguntza horiek guztiak bateragarriak dira. Guztien artean, matrikularen gastuaren %70 eta %100 artean estaltzen da.

FLYERRA

Informazioa

Euskaltegien eskaintzaren eta dirulaguntzen berri Euskara Zerbitzuan (euskara2@sakana-mank.eus edo 948 464840) edo Elaide webgunean.