Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Martxoaren 15ean Sakanako AEK-ko ikasleak UtzubarEKOgunea bisitatu zuten

Ia 60 ikasle hurbildu ziren Arbizuko UtzubarEKOgunera. Euskaraz hitz egiteko parada izateaz gainera etxean sortzen dituzten hondakinek zer bide egiten duten ikusi ahal izan zuten.

UtzubarEKOgunean langile diren 2 hezitzaileek gidaturik, konpost planta, Transferentzi Gunea, Garbigunea, Hondakin Industrial ez arriskutsuen biltegia, Hondakin Industrial Ez Arriskutsuen Zabortegia eta Konponketa Txokoa ezagutu zituzten.

Pozik joan ziren ikusitakoarekin eta ikasitakoarekin. Derrigorrezko bisitatzat jotzen dute.

Mundu guztiak egin beharko lukeen bisita da; izan ere, gure hondakinak gure ardura dira.” Jarri du Itsasi Euskaltegiak Twitterren.

Sobera hondakin sortzen ditugula jakin badakigun arren UtzubarEKOgunean horien kudeaketarako dagoen azpiegitura guztiak bertatik bertara ezagutzea oso aberasgarria iruditu zaie. Ikusi dute materia organikoarekin konposta nola egiten den. Ikusi dute ontzi arinak gabarratan nola kargatzen diren Azkoiengo Moratiel Ontzien Sailkapen Plantara eramateko birziklapenaren bidea jarraituko badute. Ikusi dute errefusa gabarratan kargatzen, Tuterako El Culebrete zabortegi eta biometanizazio plantara eramateko. Ikusi dute papera eta kartoia prentsatik pasatuta paketetan nola pilatzen dugun Atarrabiako Solidus San Andres paper fabrikan papel birziklatuan bihurtzeko. Garbigunera eraman behar diren hondakin bereziak ezagutu zituzten: jostailuak, altzariak, pilak, tonerrak, olioa, tresna elektrikoak, pintura zaharra, etab. Baita ikasi ere Arbizuko zabortegia nola kudeatzen den. Zein hondakin sar daitezkeen eta hondakin horiek onartuak izateko ematen den prozedura. Sortu berri dugun konponketa Txokoa ere ezagutu zuten.

Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzutik eskertzen dugu UtzubarEKOgunea bisitatu izana eta aberasgarria suertatu zaiela jakitea. Pozik gaude bisita hauen helburua beteta ikustean, izan ere, aldarrikatu nahi dugun mezua, hondakinik onena sortzen ez dena dela, ongi hartu baitute gogoan. Horren adierazgarri Itsasi Euskaltegiak Twitterren jarritako mezua: “Gure etxeetan zaborra gutxitu eta ongi sailkatu behar dugu. Ondoren, bide bat egiten du zaborrak; ez da “artxila-murtxila” desagertzen. “

Bisitaren amaieran oroigarri, oparitxo bat eman genien. Zer opari hobeagorik Sakanan bildutako materia organikoarekin egindako konposta ematea baino.

Horrelako bisitak errepika daitezen, gonbita luzatu nahi dugu. Sakanako erakunde, eragile, kultur talde eta edozein elkarte, AEK-ko ikasleak bezala etor zaitezkete UtzubarEKOgunea edo Altsasuko Garbigunea ezagutzera.