Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Etxarri Arantzen eta Altsasun, gai organikoa bereizteak sariak dakartza

 

Iritsi da Sakanara “ORGANIKOPA”, organikoa biltzeko Nafarroan egiten ari den sentsibilizazio kanpaina berria.

Sakanako Mankomunitatea parte hartzen ari da Nafarroako Hondakin Partzuergoak hainbat mankomunitaterekin batera antolatutako herrien arteko birziklatze ligan. Maiatzaren 3an abiatu eta uztailaren 3ra arte iraungo duen lehiaketa honen helburua gai organikoaren banaketa sustatzea da, birziklatzen den organiko kopurua igota, organikoak duen kalitateari eutsiz; Sakanan, jakina denez, oso ona da biltzen den organikoaren kalitatea. Modu honetan, zabortegira errefusa gutxiago bidaltzea lortuko litzateke.

Lehiaketa honetan, Sakanako bi herri, Etxarri Aranatz eta Altsasu lehiatuko dira organiko banaketa emaitza hoberena lortzeko. Bilketa ezaugarri ezberdineko herriak direnez, bakoitzak bere metodologia erabiliko du: Etxarrin, astelehen eta ostegunetan posteetatik bildutako gai organikoaren pisua aztertuko da astero, eta Altsasun, edukiontzi marroiaren bitartez jasotakoa.

Bi herrien arteko konparaketa egin ahal izateko, kg/biztanle adierazlea erabiliko da: Irabazleak 5.000 euroko balioa duten hainbat hiri-altzari jasoko ditu. Hiri-altzariak Nafarroan sortutako hondakin plastikoekin eginak dira, haien artean Sakana bertakoekin. Irabazle ez den herriak 2. saria jasotzeko aukera izango du, bildutako gai organikoaren kopurua handitzen badu bi hilabete hauetan

Emaitzak astero publikatuko dira sare sozialetan, webgune honetan eta kalean jarritako kartelen bitartez. Sariak uztailean banatuko dira, Nafarroako parte hartzaile guztien emaitzak publikatu ondoren.

Sakanako Mankomunitateak gogorarazi duenez, Etxarri Aranatzen bizi direnek gai organikoa kudeatzeko bi aukera dituzte: autokonposta eta atez ateko bilketa. Kubo marroia da parte hartzeko behar den elementu bakarra. Altsasun ere bi aukera daude: autokonposta eta edukiontzi marroia. Edukiontzi marroia erabiltzeko erraztasun handiak daude: nahikoa da izena ematearekin.

Materiala eskatzeko, izena emateko edota edozein zalantza argitzeko, 900 730 450 doako telefonora dei daiteke edo idatzi info@sakana-mank.eus helbide elektronikora idatzi.