Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Sakanako Trail Estazioa mustu da

Inaugurazio ekitaldian bildutako ordezkari politiko eta teknikoak

Sakanako Trail Estazioa mustu da Uharte Arakilgo Itxesi Gunean.

Aralar mendizerra, Urbasa Andia Natur Parkea, Ziordi, Olazti, Altsasu, Urdiain, Etxarri Aranatz, Lakuntza eta Uharte Arakil herrietako dermioetatik pasatzen diren 5 ibilbidek osatzen dute Sakanako Trail Estazioa.

Zer da trail estazio bat?

Trail estazio bat trail running praktikarako egokitutako espazioa da, hau da, mendian korrika egiteko. Zailtasun maila ezberdinetako ibilbideak eskaintzen ditu, marka konkretu batek homologatuak eta seinale / baliza espezifikoekin. Sakanan, erabiltzaileendako harrera gune eta gimnasio txiki batekin osatzen da eskaintza.

Euskal Herriko Trail Estazioa

Euskal Herriko Trail Estazioa 2015.urtean sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua. Zailtasun maila desberdineko 19 ibilbidek osatzen dute eta bi sarrera puntu ditu, bata Zegaman eta bestea Abaltzisketan. Hasieratik Station de Trail marka frantsesaren baitan barneratu zen. 2020 urtean Sakanako 5 ibilbide gehitu dira proiektura, guztira 24 ibilbide eskainiz.

Sakanako Trail Estazioaren proiektua 2017an hasi zen garatzen, Sakanako Plan Estrategikoaren turismo arloko estrategiaren baitan kirola eta aisiari loturiko produktu turistiko jasangarri berrien sorrera aurreikusiz.

Honetaz gain, azken urteotan Sakanan hainbat mendi lasterketa antolatzen ari dira, pixkanaka izena hartzen ari diren kirol probak izanik. Mendi lasterketa hauetan bertakoek zein kanpotik etorritakoek parte hartzen dute, askotan familia eta lagunekin etortzen direlarik… egun pasa, asteburu pasa.

Esan bezala, proiektuari forma emateko prozesua 2017an hasi zen, Sakanako Garapen Agentziak eta Sakanako Mankomunitateko Kirol zerbitzuak Sakanako mendi lasterketa antolatzaile talde ezberdinak (Triku Trail, Altsasuko Mendigoizaleak, Zabalarte elkartea, Uharte Arakil Beriain KM bertikala, Iratxo taldea, Olazti Urbasa) lehen bilera batera deituz. Bilera hartan Sakanan Trail Estazio bat sortzeko aukera baloratu zen.

Euskal Herriko Trail Estazioak, Station de Trail marka frantsesaren barnean dagoena, Gipuzkoan bi sarrera izanik (Zegaman eta Abaltzisketan), Sakanan hirugarren sarrera bat sortzeko aukera lantzen joan zen. Station de Trail marka frantseseko ordezkariak prozesuan parte hartzen hasi zirelarik.

Hainbat ibilbide posibleren artean ezaugarri eta zailtasun maila desberdineko bost aukeratu beharra izanik, Olazti-Urbasa mendi lasterketa, Altsasuko Hiru Mendizerrak, Etxarri Aranazko Trikutrail, Lakuntza-Aralar mendi lasterketa eta Uharte Arakil Berian Km Bertikala kirol proben trazaketak aukeratu dira.

Aipatu ibilbide hauetako batzuen jatorrizko trazaketan moldaketa batzuk egin behar izan direla naturgune batzuk babestu asmoz.

Ibilbideetaz aparte, Sakanako Trail Estazioaren harrera gunea Uharte Arakilgo Itxesi gunean kokatzea baloratu zen hasieratik. Uharte Arakilgo Udalak bertan eraikin aproposa izanik, harrera gunea eta bestelako zerbitzuak barneratzea posible zelarik. Itxesi gunea kirol eremu bezala indartuz.

2020.urtean Gipuzkoako Foru Aldundiko onespena jaso da Sakana Euskal Herriko Trail Estazioaren parte izateko, aldi berean Station de Trail marka frantsesaren baitan sartu da Sakanako Trail Estazioa.

Uharte Arakilgo Udalak sustatutako “Sakanako Trail Estazioa” proiektua 40.181,68 €-rekin finantzatu du Landa Garapenerako 2014-2020 Programak (LGP 2014-2020), FEADER funtsen bidez ( % 65) eta Nafarroako Gobernuaren funtsen bidez ( % 35). 

Esan bezala, Sakanako Trail Estazioak Zegama eta Abaltzisketako sarrera puntuekin batera Euskal Herriko Trail Estazioa osatzen dute eta hiruen artean 24 ibilbide batzen dituzte (19 Gipuzkoan eta 5 Sakanan). Gipuzkoa eta Sakanako ibilbideen arteko konexioa badago, horren eredu Etxarri Aranazko Trikutrail ibilbidea da.

Aldi berean, Euskal Herriko Trail Estazioa mundu mailako aintzatespena duen Station de Trail nazioarteko sarearen parte da. Ibilbideak sareak agintzen duen baliza fisikoekin daude markatuak eta bakoitzak sareak esleitutako zenbakia darama (Sakanako ibilbideen kasuan 30 zenbakitik 34ra), zenbaki hauek zailtasunaren araberako kolorea dutelarik (beltza, gorria, urdina edo berdea). Balizak, 250-300 metroko tartean eta bidegurutze guztietan daude jarriak (markak eskatzen duen bezala).

Erabiltzaileendako eskura dauden beste baliabideak web orria (https://stationdetrail.com/es/stations/pais-vasco-gipuzkoa-sakana) eta “Station de trail” APPa dira. Aipatu, ibilbideen erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko APPa mugikorrean instalatzea edota web orritik egingo duten ibilbidearen track-a deskargatzea derrigorrezkoa dela, seinalizazio fisikoa lagungarria besterik ez bait da.

Ibilbideak Sakanako herri ezberdinetan badaude ere, Trail Estazioko harrera gunea Uharte Arakilgo igerilekuetako eraikinean dago kokatua. Itxesiko kirolgune honek hainbat zerbitzu eskaintzen dizkio bisitariari: igerilekuak, futbol-zelaia, km bertikalaren ibilbidearen hasiera, jatetxea, erretegia, Herri Kirolen parkea etxeko txikienentzat, autokarabanendako gunea eta aurrerantzean Trail Estazioko harrera gunea. Informazio puntu honetan trail estazioko ibilbideen informazioaz gain, Sakanari buruzko informazio turistikoa ere jaso ahal izango da. Trail estazioaren sorrerarekin emango den beste zerbitzuetako bat aldagelen eraikinean egin den gimnasio txiki bat izango da, baina oraingoz eta pandemiak eragindako egoera hobetu arte, ez da irekiko.

Gaur Uharte Arakilen ospatutako irekiera ekitaldia ez da proiektu honi lotutako aurten izango dugun ekintza bakarra izango, hurrengo hilabeteetarako hainbat jarduera aurreikusi baitira Sakanako Trail Estazioa osatzen duten bost ibilbideak ezagutzera emateko asmoz. Asteburu ezberdinetan hainbat ekintza prestatu dituzte mendi lasterketa antolatzaile taldeek. 

  • Irailaren lehen asteburuan, Iker Karreraren liburu aurkezpena eta berarekin Uharte Arakilgo Km Bertikala ibilbidea egiteko aukera.
  • Irailaren 14an, Altsasuko Hiru Mendizerrak ezagutzeko aukera.
  • Irailaren 24an, Olaztiko Kultur Etxean Sakanako Trail Estazioaren proiektu aurkezpena eta tresnen erabilera (webgunea eta APPa)
  • Urriaren 2an, Etxarri Aranazko Trikutrail taldekoek antolatutako erronka eta hitzaldia.
  • Lakuntza Aralar mendi lasterketa antolatzaileen eskutik entrenamendu gidatu bat eta hitzaldia (data zehazteke).

Amaitzeko, Sakana modu ezberdin batean ezagutzeko gonbidapena luzatzea, trail running zalentzat 5 ibilbide berri eskuragarri dituzue jada. Tracka webgun

etik deskargatu https://stationdetrail.com/eu/stations/euskal-herria-gipuzkoa-sakana/parcours , edota mugikorrerako “Station de trail” APPa instalatu eta gozatu gure ingurune paregabeaz.

Eta kontutan izan ibilbide hauetako batzuk babes bereziko natur guneetatik igarotzen direla, errespetuz ibili eta ingurunea zaindu, denon ardura da.