Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako ikerketa batek konpostaren kalitatea frogatu du.
Sakanako Mankomunitateak sakandarrek banatutako materia organikoarekin egindako konpostaren 113.000 kilo baino gehiago banatu ditu herritarren artean 2018an. 757 etxebizitzetatik eraman dute konposta, haien baratza edota loreontzietan erabiltzeko. Etxebizitza bakoitzetik 250 kilo hartu ahal izan dituzte Arbizuko Zabortegitik. (Albistearen bukaeran datuak herrika dituzue banatuak taula batean.)
Urtero egiten diren kalitate kontrolez gain, aurten egindako konposta egokia izan dela aztertzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoak lortutako konpostaren kalitate eta ezaugarriak ikertu ditu. Horretarako Sakanako Mankomunitatean egindako konpostak analizatu eta baloratu egin dituzte UPNA-NUPko ikerkuntza negutegietan egindako proba ezberdinetan (2 eta 3 argazkiak). Letxugak eta brokoliak konpost dosi diferenteekin hazi dira loreontzietan. Ikerketa honen emaitzek frogatu dute, bi labore hauetan gero eta konpost gehiago gehituta, landareak orduan eta hobe hazten direla (1 argazkia). Loreontziak bakar-bakarrik konpostez beteta zirenean emaitzarik hoberenak lortu dira.
Egindako ikerketaren emaitzen arabera, ezbairik gabe esan ahal da: Sakanako konposta guztiz ona dela eta arazorik gabe erabili daitekeela nekazaritzan. Horregatik erabiltzera animatu nahi zaituztegu. Hala ere hazitegietan lurrarekin nahastea gomendatzen dugu, ongarri hau gogorregia baita jaioberriak diren landaretxoendako.
Sakanako Mankomunitatea Nafarroan aitzindaria izan da Ekonomia Zirkularraren garapenean. Azken urte hauetan egin duen lan itzelari esker gaur egun, hondakinen kudeaketari dagokionez Nafarroako emaitzarik onenak lortzen dira. Sakanan sortzen diren etxeko hondakinen %54 berreskuratzen dira gainontzeko %46a zabortegian amaitzen duen bitartean. 2025erako Europak eskatzen duen materialen berreskurapen maila dagoeneko gaur egun Sakana gehienean gainditu da. Arrakasta honen gako nagusia Sakanako sukalde eta lorategi gehienetan egiten den elikagaien eta landare hondakinen bereizketa izan da. Biohondakina, bereiztuta kudeatzen denean, erraz ongarrian bilakatzen da konposta izeneko prozesuaren bidez. Konpost hau gure etxean burutu ahal dugu, etxeko konpostajea, gure auzoan, auzo konposta, edo konpost azpiegitura batean.
1. Argazkia. Letxuga Sakanako konpost dosi diferenteekin ongarritua. %100, %75, %50, %25 eta konpostik gabe.
- KONPOST BANAKETA HERRIKA
HERRIA |
HERRITARRAK |
KILOAK |
||
URTARRILA-MAIATZA |
MAIATZA-AZAROA |
TOTALA |
||
ZIORDI |
2 |
300 |
0 |
300 |
OLAZTI |
96 |
6980 |
7350 |
14.330 |
ALTSASU |
75 |
4810 |
6370 |
11.180 |
URDIAIN |
43 |
2100 |
4400 |
6.500 |
ITURMENDI |
5 |
450 |
300 |
750 |
BAKAIKU |
18 |
1200 |
1500 |
2.700 |
ETXARRI ARANATZ |
139 |
10160 |
10750 |
20.910 |
ERGOIENA |
3 |
150 |
250 |
400 |
ARBIZU |
90 |
6700 |
6850 |
13.550 |
LAKUNTZA |
49 |
3230 |
4050 |
7.280 |
ARRUAZU |
4 |
420 |
150 |
570 |
UHARTE ARAKIL |
42 |
2810 |
3400 |
6.210 |
IRAÑETA |
24 |
1350 |
2250 |
3.600 |
ARAKIL |
60 |
3570 |
5400 |
8.970 |
IRURTZUN |
107 |
8590 |
7500 |
16.090 |
GUZTIRA |
757 |
113.340 |