Sakanako Mankomunitateak hondakinen arloan azken urteetan egin dituen jardueren haria jarraituz, sortutako hondakinen kopurua murriztera eta jatorrian bereizketa handitzera bideratuta, 2024ko abenduan errefusa edukiontzi berdeak aldatu eta sarbide mugatua daukaten edukiontzi grisak jarri dira (gaintapa txikiagoa).
Edukiontzi aldaketan laguntzeko, Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Hondakinen Funtsak finantzatutako sentsibilizazio kanpaina bat egin du, bildutako errefusa murrizteko, gaikako bilketa tasa handitzeko eta errefusaren edukiontzian inpropioak ez botatzeko betebeharra gogorarazteko.
Kanpainaren barruan, edukiontzi berdearen karakterizazioak egin dira Izurdiagan eta Irurtzunen, bertan dauden inpropioen kopurua ikusteko. Hona hemen lortutako emaitzak:
Alde batetik, Irurtzunen aurkitutako inpropioen ehunekoa % 53,41 izan da pisuan, eta % 42,53 bolumenean. Bestalde, Izurdiagan neurtutako inpropioen ehunekoa % 53,79 izan da pisuan, eta % 79 bolumenean. Gaizki sailkatutako hondakinen artean hondakin arriskutsuak aurkitu ziren, hala nola amiantoa, eta ingurumenerako kaltegarriak diren beste batzuk; adibidez, gailu elektronikoak eta pilak.
Jarraian, Irurtzungo karakterizazioaren bideoa ikusiko duzue. Ez galdu Pantxika abenturazale eta pailazoaren ibilerak!