Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Deialdia, Ur Zerbitzuan ofizial lanposturako, oposizio-lehiaketa bidez eta lan araubidean

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuan (behe sarean) ofizial izateko lanpostu bat, lan araubidean, oposizio-lehiaketa bidez betetzea du xede deialdi honek.

Lan poltsa sortuko da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean. Hurrengo deialdia bost urtetik beherako epean egiten bada, zerrenda indarrean egonen da bigarren, harik eta bost urte bete arte. Lan poltsa egiteko kontuan hartuko da apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legearen 4. artikulu bakarrean ezarritakoa.

1.2. Hautapen probak 7. oinarrian ezarritakoak izanen dira eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 7.1 oinarrian ezarri bezala.

1.3. Prozesu honen ondorioz egiten den kontratua lan-kontratudun finkoa izanen da, Gizarte Segurantzan kidetuko da eta bertan alta emanen zaio.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da eta horretan administrazio kontratatzaileak bere iritziaren arabera ezeztatu ahalko ditu prozesu honetan hautatutako langileekin formalizatutako kontratazioak.

1.4. Lanaldia administrazio dei-egileak ezartzen duena izanen da; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko da.

1.5. Lanpostuak C mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du, Ordainsarien behin-behineko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, administrazio dei-egilearen plantilla organikoan ezarritakoak.

1.6. Bete beharreko egitekoak:

–Hornidura eta saneamendu sareko, instalazioetako, telekontrol sistemako, ponpaketetako eta ura arazteko estazioetako mantentze lanak egitea.

–Kontrol lanak egitea uraren kalitateari, biltegietako eta instalazioetako bateriei, eta neurketa eta irakurketa ekipoei dagokienez.

–Ur Zerbitzuan beharrezkoak diren iturgintza lanak (behe) sarean eta instalazioetan.

–Kudeaketa sistemaren dokumentazioa eramatea.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

b) Edukitzea gutxienez L.H.ko II. graduko titulua Iturgintzan, Kontroleko eta Industria mantentze-lanetako Elektronikan, Sistemen Elektronikan, Industria Elektronikan, Ibilgailuen Mekanika eta Elektrizitatekoan edo Fabrikazio Mekanikoan edo beste titulazio baliokide bat.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) Gidatzeko baimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

f) Euskaraz jakitea: B2 edo titulu baliokidea edukitzea, (edo horri dagokion euskara proba gainditzea).

2.2. Aitzineko baldintzak deialdi honetan aurreikusitako epean eta eran egiaztatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea burutzen denean betetzen direla ulertuko da, hautaprobek dirauten bitartean eta kontratua egin arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izatea eskatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Sakanako Mankomunitateko erregistro orokorrean, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, egun horretako 14:30 arte. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondokoekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren edo identifikatzeko baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia.

b) Eskatutako tituluen kopia kautotua edo fotokopia, konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera aurkeztuko dena.

c) Lehiaketaren baremoaren irizpideei jarraikiz, baloratuko diren merezimenduen gaineko agiriak. Epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko jatorrizko agiriarekin edo fotokopia egiaztatuarekin frogaturik ez dauden merezimenduak.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://www.sakana-mank.com).

Hamar egun balioduneko epean, iragarkia Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://www.sakana-mank.com) argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia, eta, kasua bada, euskararen probak egitekoak ere bai.

5. oinarria.–Behin betiko zerrendak.

Aurreko oinarrian aipatu epea bukatu eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, Lehendakaritzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean eta webgunean (http://www.sakana-mank.com) jarriko da jendaurrean, hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita.

Halaber, kasua bada, euskararen probak egiteko eguna eta tokia iragarriko dira.

6. oinarria.–Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Aitor Karasatorre Muguruza, Sakanako Mankomunitateko burua.

–Ordezkoa: Ainara Aiestaran Ijurko, Sakanako Mankomunitateko buruordea.

–Lehen mahaikidea: Felix Benjumea Motino, Altsasuko Udaleko arduraduna.

–Ordezkoa: Javier Zelaia Etxarri, Urdiaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

–Bigarren mahaikidea: Mikel Martinez de Zuazo, Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuko teknikari laguntzailea.

–Ordezkoa: Adur Irigoien Barandiaran, Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuko enplegatua.

–Hirugarren epaimahaikidea: Adrian Bermejo Huelva.

–Ordezkoa: Itziar Zudaire Salegi.

–Idazkaria: Sakanako Mankomunitateko idazkaria.

–Ordezkoa: Mankomunitateko beste udal bateko idazkaria, hautatuko dena.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa izan gabe. Halaber, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

6.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.5. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

7. oinarria.–Proben nondik norakoa.

Oposizioaldia hasi baino lehen euskararen proba eginen dute deialdi honen 2.F oinarrian eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez eta proba egiteko nahia adierazten dutenek. Proba horretan idatzizko ariketa bat eta ahozko bat eginen dira, eta horiekin zehaztuko da izangaia gai edo ez-gai den, B2 hizkuntza mailari edo baliokidea den tituluari dagokionez. Euskaraz jakitea betebeharra denez gero, proba horren kalifikazioa ez gai bada, izangai horrek ez du aurrera eginen hautaketa prozesuan. Proba horiek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek eginen dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak.

7.1. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, baremo honen arabera:

a) Lanbideko merezimenduak: (gehienez ere 15 puntu).

Azken 10 urteetan uretako ofizial lanpostuko lanetan jardun izana:

–Administrazio publiko baten ur zerbitzuan: 4 puntu, urte bakoitzeko.

–Enpresa edo entitate pribatuetan: 3 puntu, urte bakoitzeko.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Mekanikari, eraikuntzako ofizial, plantetako mantentze-lanetan, iturgin edo argiketari lanetan jarduteagatik:

–Administrazio publiko batean: 3 puntu, urte bakoitzeko.

–Enpresa edo entitate pribatuetan: 2 puntu, urte bakoitzeko.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Prestakuntza ikastaroak, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia badute. 0,5 puntu esleituko dira, prestakuntzaldiko 35 orduko. 4 puntu gehienez.

c) Prestakuntza ikastaroak, hauekin lotuak: ISO 9001, ISO 14001, OSHAS 18001: 0,5 puntu esleituko dira, prestakuntzaldiko 35 orduko. 4 puntu gehienez.

d) Titulazio akademikoak (deialdiko 2.1,b oinarrian ezarritakoa salbu).

1) Deialdi honetako 2.1.b) oinarriarekin lotutako unibertsitateko erdi mailako titulazioa edo lanbide heziketako goi mailako beste gradu bat: puntu bat.

2) Deialdi honetako 2.1.b) oinarriarekin lotutako unibertsitateko goi mailako titulazioa: 2 puntu.

–Atal honetan 3 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

–Lehiaketaldian 26 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

–Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokiona emanen zaio.

–Ez dira bi aldiz zenbatuko baremoko talde berean dauden zerbitzuak denbora berean egin badira.

–Kontuan hartuko dira, soilik, eskabideak aurkezteko unean jatorrizko agiriaren edo kopia konpultsatuaren bidez frogatzen diren merezimenduak.

7.2. Oposizioaldia.

–Lehenengo proba: Erantzun laburreko eta/edo test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz, II. eranskineko gaiei buruz.

Proban test moduko 60 galderari erantzun beharko zaie, hainbat erantzunen artean bat aukeratuz, gehienez ere 70 minutuz. Galdera horiek deialdi honetako eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira. Oker erantzuten den galdera bakoitzagatik zuzen erantzundakoari ematen zaion balorearen %50 kenduko da. 30 puntu emanen dira, eta gutxienez ere 10 puntu beharko dira proba gainditzeko.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta gehienez ere 3 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia), hori egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Irekitze hori jendaurrean eginen da.

–Bigarren proba: Bigarren ariketa, praktikoa: Bi kasu praktiko edo gehiago argitu, egin, gauzatu beharko dira, deialdian zehaztutako lanpostuaren ezaugarriekin ikustekoa dutenak, epaimahaiak ezartzen duen denbora epean. Horiek gauzatzeko beharrezko bitarteko guztiak jarriko dira izangaien eskura (ibilgailuak, makineria, tresnak, objektuak, gauzak, tresneria eta materiala) eta ez da onartuko emandakoez bestelako bitartekorik erabiltzea. Epaimahaiak egin aurreko unean bertan planteatuko du egin beharreko ariketa.

Ariketa honetan balioetsiko dira izangaiek egiaztatutako eta frogatutako ezagutza profesionalak, bai eta bikaintasuna, trebetasuna eta zuzentasuna lanak egitean.

Ariketak 44 puntu izanen ditu gehienez eta bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren ariketa hau eginen dute soilik lehengoa gainditu dutenek.

Gehienez ere 3 eguneko epean argitaratuko da kalifikazioen zerrenda.

7.3. Izangaietako batek ere ez baditu proba guztiak gainditzen edo gaindituta ere kontratatua izaterik nahi ez badu, administrazio dei-egileak kontratatu ahalko du probaren bat gainditu duen hurrengo izangaia, hautapenaldian lortutako puntuazio ordenari zorrotz jarraituz.

7.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

8.–Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Azken proba bukatuta, epaimahaiak puntu gehien lortu dituen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio administrazio dei-egileari.

Berdinketa izanez gero, lehentasuna izanen du bigarren ariketan puntuaziorik handiena eskuratzen duenak, eta hala ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da izangaien artean.

8.2. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarendako.

8.3. Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean, probak egin diren tokian eta web orrian (http://www.sakana-mank.com).

8.4. Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen Administrazioaren kontratazio proposamena onartzen duenetik aitzina. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Lakuntzan, 2016ko irailaren 1ean.–Mankomunitateko lehendakaria, Aitor Karasatorre Mugurutza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua. (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Uraren ziklo integralaren kudeaketa zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskala. Alderdi orokorrak.

2.–Nafarroako toki entitateen lege araubidea. Udalak, mankomunitateak eta gainerako toki entitateak. Erakunde autonomoak. Administrazio publikoetako langileak.

3.–Administrazio publikoa. Egintza administratiboak. Administrazio-prozedura. Administrazio errekurtsoak.

4.–Kudeaketa sistema, UNE-ISO 9001 arauari jarraikiz. Uraren zerbitzu bati buruzko gai orokorrak eta halako bat ezartzea.

5.–Ingurumena kudeatzeko sistemak, UNE-ISO 14.001 eta OHSAS arauari jarraikiz. Uraren zerbitzu bati buruzko gai orokorrak eta halako bat ezartzea.

6.–Sakanako herriak eta horien kaleak ezagutzea.

7.–Ur horniduraren hodiak. Materialak, piezak, zangan nola jarri.

8.–Urez hornitzeko sare baten osagaiak. Balbulak, bentosak, hidranteak, etab.

9.–Ur horniduraren harguneak. Diametroak, materialak, kokapena.

10.–Saneamenduko hodiak. Materialak, piezak, zangan nola jarri.

11.–Saneamendu sare bateko elementuak. Putzuak, erregistro estalkiak, sifoiak, hustubideak.

12.–Hornidurarako eta saneamendurako harguneak. Diametroak, materialak, kokapena.

13.–Eremu publikoan dauden horniduretako matxurak konpontzea. Jarraibideak. Segurtasuna.

14.–Uraren hornidura sareak mantentzeko eta konpontzeko erabiltzen diren tresnak eta makinak.

15.–Ura tratatzeko plantak. Edateko uraren tratamendua: kalitate parametroak. Oinarrizko legeria. Tratamendu motak. Dekantazioa, iragazketa, tratamendu kimikoak. Tratamendu estazio baten osagaiak. Tresneria. Kalitatearen kontrola.

16.–Kloroaren biltegiratzea, dosifikazioa eta kontrola. Segurtasun arauak.

17.–Emari-neurgailuak, tipologia, deskribapena, erabilera eta mantentzea.

18.–Ur kontagailuak. Tipologia, erabiltzeko irizpideak, mantentzea eta indarreko araudia.

17.–Erabiltzaileendako ur-harguneak.

18.–Uraren maila neurtzea, tipologia, erabilera irizpideak eta mantentzea.

19.–Sareetako ur ihesak. Detekzio sistemak. Konponketak. Jarduteko irizpideak.

20.–Instalazio elektrikoak. Magnitude elektrikoak. Korronte alternoa. Korronte zuzena. Sistema trifasikoak. Unitateak. Oinarrizko formulak.

21.–Instalazio elektrikoak. Behe tentsioko instalazioak: kable motak, muntatzeko sistemak, lur-konexioak, energia erreaktiboaren konpentsazioa, behe tentsioko koadroak, potentziarako eta babeserako tresneria. Automatismoen koadroak. Osagaiak. Instalazio elektrikoak ponpaketa eta arazketa estazioetan. Automatizazioa. Automata programagarriak. Ordenagailu bidezko kontrola. Tresneria. Osagaiak. Teleagindua eta ur-hornidura sistemak. Funtzioak eta osagaiak.

22.–Herri baten ur hornidura sistema bat teleagindu bidez osoki kontrolatzea.