Otsailak 11, larunbatarekin, 20:00etan Iortia kultur gunean euskarazko antzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu. Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren testuetan oinarriturik dago lana. Ander Lipus eta gainontzeko aktoreekin batera, Zoila Berastegi sakanadarra taula gainean ikusi ahal izango dugu.
SINOPSIA: Iñakik hamar urte eta leuzemia ditu. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan. Itxarongeletan sekula agertzen ez diren pazienteen izen zerrendak entzuten dira ordena alfabetikoan eta Carmen Martinez-Bordiuk betetzen du bihotzeko aldizkari maiztuaren azala. Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna.
FITXA TEKNIKOA
-Testugileak: Unai Iturriaga eta Igor Elortza.
-Zuzendaria: Ximun Fuchs.
-Aktoreak: Ander Lipus, Zoila Berastegi, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas.
-Ekoizpena: Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia.