Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Sakanak konpostaje-planta bat izango du

Planta, urtean 1.000 tona hondakin tratatzeko gai izango da

Ciriza kontseilariak Arbizun eraikitzen ari den instalazio berriaren obrak bisitatu ditu

Ostirala, 2020ko abuztuaren 14a

Sakanako Mankomunitateko konpostaje-plantako obren bisita

Nafarroako Gobernuak 620.000 euro bideratu ditu Sakanako Mankomunitatea Arbizun eraikitzen ari den konpostaje-plantarako. Planta berriak materia organikoa gaika biltzen duten inguruko herriei emango die zerbitzua.

Lanak urrian amaitzea espero da.

Bernardo Ciriza Lurralde Kohesioko kontseilariak eta Jesús Mª Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak plantaren obrak bisitatu dituzte. Planta berria Arbizuko zabortegiaren ondoan dago, 14.000 metro koadroko lursail batean.

 

Nafarroako Gobernuko kargu horiez gain, honako hauek ere hartu dute parte bisitan: Fernando Mendoza NILSAko gerenteak, David Oroz Sakanako Mankomunitateko lehendakariak, Itziar Iribarren Mankomunitateko gerenteak, Miren Ortiz Mankomunitateko idazkariak eta Francisco Javier Razquin Arbizuko alkateak.

Konpostaje-planta berriak oinplano angeluzuzeneko eraikin estali bat izango du, 25,20 metroko zabalerakoa eta 100 metroko luzerakoa, eta 2.520 m ² -ko azalera eraikia izango du.

Urtean 1.000 tona hondakin tratatu ahal izatea aurreikusten da. Mankomunitateko hogeita hamar bat herriri emango die zerbitzua.

Instalazioa Utzuar alderdian dago. Arbizuko Udalak Utzuar desafektatu eta 20 urtez laga zion Mankomunitateari. Lagapena ondoz ondoko 5 urtez luzatzeko aukera dago, gehienez ere 30 urtez.

Proiektuak 855.638,88 euroko aurrekontua du, BEZik gabe, eta Nafarroako Gobernuak finantzatuko du, 684.511,10 euroko ekarpenaren bidez, Tokiko Inbertsioen Planaren kargura. Falta den zatia  Nafarroako Hondakinen Partzuergoak (76.330,78 euro) eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka demografikorako Ministerioak (94.797 euro) jarriko dute.

Guillen Obras y Proyectos SL enpresak eraikiko du instalazioa, eta Zuazo Ingenieros SL eta Mikel Zuazo Letamendi (ITEA) izango dira obrako zuzendariak.

Planta 5 hilabeteko epean egitea espero da. Beraz, baliteke urte amaierarako amaituta egotea

Sakanako Mankomunitatea

Sakanako Mankomunitateak eskualdeko 30 herri baino gehiagotako hiri-hondakinak biltzen ditu, hain zuzen ere:  Aizkorbe, Altsasu / Alsasua, Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Dorrao, Egiarreta, Ekai, Errotz, Etxarren, Etxarri Aranatz, Etxeberri, Hiriberri, Ihabar, Irañeta, Irurtzun, Iturmendi, Izurdiaga, Lakuntza, Lizarraga, Lizarragabengoa, Murgindueta, Olazti, Satrustegi, Uharte Arakil, Unanu, Urdiain, Urritzola, Ziordia  eta Zuhatzu.

Hondakinak biltzeko 4 sistema ezberdin erabiltzen dira, herri bakoitzaren arabera: hiri-edukiontziak, bilketa-sistema mistoa, atez ateko sistema eta enpresentzako berariazko bilketa.

Sakanako Mankomunitatea aitzindarietako bat izan zen atez ateko sistema martxan jartzen, eta gaur egun sistema hori nagusi da Sakanan.  Izan ere, Olazti, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza eta Uharte Arakilen erabiltzen da.  Herritarrek etxean banatzen dituzte sortutako hondakinak (materia organikoa, ontzi arinak, papera, kartoia, beira eta errefusa) eta dagokien egunean uzten dituzte, nork bere ontzian.

Sistema horrek % 77ko gaikako bilketa-tasa du.

Sistema mistoaren bidezko bilketa biztanle gutxiko herrietan egiten da, hala nola Ziordian, Arruazun, Irañetan, Arakilen (Aizkorbe, Egiarreta, Ekai, Errotz, Etxarren, Etxeberri, Hiriberri, Ihabar, Izurdiaga, Murgindueta, Satrustegi, Urritzola eta Zuhatzu), Ergoienan (Unanu, Dorrau eta Lizarraga) eta Lizarragabengoan.  Herri horietan, materia organikoarekin konposta egiten dute, banaka edo modu kolektiboan. Ontzi arinak, papera eta errefusa etxoletan uzten dira, eta herritar bakoitza giltza elektroniko bidez sartzen da haietara. Sistema horrek % 62ko gaikako bilketa-tasa du.

Hiriko edukiontziak Altsasun eta Irurtzunen erabiltzen dira oraindik ere; bertan, herritarrek ohiko deposituak dituzte hondakinak botatzeko (organikoa, errefusa, papera, kartoia,  ontzi arinak eta beira).

Sistema horrek % 40ko gaikako bilketa-tasa du. Sakanako hondakinen % 56,5 gaika biltzen dira.