Sakanako Mankomunitateak berrerabilpen programa bat jarri du martxan zabortegira botatzen den hondakin kopurua murrizteko helburuarekin.
Horretarako, 2022an, material birziklatuekin yurta bat eraiki zen UtzubarEKOgunean, hala nola pneumatikoak, ehunak eta Sakanako ardi-artilea. Yurtaren kostu osoa 21.062,15 eurokoa izan zen, eta horietatik 14.145,43 euro Nafarroako Gobernuaren Hondakinen Funtsak finantziatu zituen.
Yurta (“Berrerabilpen gela”) espazioa sentsibilizatzeko eta berrerabiltzeko objektuak aurkezteko erabili da, hainbat kategoriatan banatuta:
-
eskulanetarako materiala
-
sukalderako tresneria eta beirateria
-
altzariak
-
ehungintza
-
jolasak eta jostailuak
-
dekorazioa
-
liburuak
Materialak doan eskaintzen zaizkie Sakanako herritarrei, elkarteei eta ikastetxeei, eta hilabete igaro ondoren berrerabili ez direnak Sakanako Mankomunitateak Emausko Trapuketariekin duen kontratuaren bidez kudeatzen dira.
Gela astelehenetik ostiralera dago zabalik (jaiegunetan izan ezik), 09:00etatik 14:30era, eta Sakanako Mankomunitateko hondakin zerbitzuko hezitzaileek ematen diote arreta.
Informazio gehiago jaso nahi baduzu, deitu 900 730 350 doako telefonora edo idatzi info.hondakinak@sakana-mank.eus posta elektronikora.
Nafarroako Hondakinen Funtsa Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legearen bitartez sortu zen 2018an. Funtsa Nafarroako zabortegietan isurtzen diren hondakinei ezarritako zergarekin eta isunekin hornitzen da, beste batzuen artean.