Abenduaren 14an onartu zen Nafarroako Hondakin Planak (NHP), bilketa sisteman bilakaera garrantzitsua proposatzen du; hala, gaika hondakinen % 65 biltzera pasako da. Errefusaren murrizketa bat ere ezartzen da, % 35era pasako dena. Handik, berreskura daitezkeen materialak hautatu ondoren, zabortegirako errefusa % 63tik % 25era jaistea espero da.
Dokumentua datozen urteetan Nafarroako hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko politikaren oinarrizko tresna da. Barnean sartzen dira, Nafarroan sortutako eta kudeatutako hiri-hondakin, industria-hondakin eta nekazaritza eta abeltzaintzako hondakinetarako Prebentzio Programa eta Kudeaketa Plana. Ekonomia zirkularraren eta klima-aldaketaren egokitzapeneko printzipioetan oinarritzen da.
Plan berriak 2010-2020ko aurreko Plana ordezkatzen du, Auzitegi Gorenak baliogabetu zuena, eta honako hauei egokitzen zaie: 2008/98/EE Hondakinen Zuzentarau Esparrua, kutsatutako Hondakin eta Lurzoruen 22/2011 Legea, 2016-2022 Hondakinen Esparruko Estatuko Plana eta 2012-2020ko Hondakinak Prebenitzeko Estatuko Programa.
Aurkezpenean Elizalde kontseilariak aipatu duenez, “plan honekin, Nafarroa, erreferentziazko toki bihurtu nahi da ekonomika zirkularraren kontzeptuan; ekonomia-mota horrek lehengaien erabilera arduratsua proposatzen du, baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea, eta etengabeko zirkulu batean murrizteko, berrerabiltzeko, konpontzeko eta birziklatzeko araua aplikatzea”.
Nafarroako Gobernuaren erabakia abenduaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Haren barnean hiri-hondakinak, eraikuntza, industria eta nekazaritza eta abeltzaintzako hondakinak prebenitzea eta kudeatzea sartzen da. Antolaketa: gaiak biltzea eta bereiztea; berrerabilpenerako prestatzea; birziklatzea eta balorizazioa; eta ezabaketa murriztea.
Kontseilariaren hitzetan, “planak hondakinen prebentzioaren aldeko apustua egiten du, Europar Batasunaren lehentasuneko bat, eta Nafarroak jarritako helburuetako bat. Hondakin gutxiago nahi dugu: % 10 gutxiago 2020an eta % 12 gutxiago 2027an”.
Murrizketa honez gain, dokumentuaren helburu nagusia hondakin organikoen nahitaezko gaikako bilketa biztanleria osoari zabaltzea da, eta errefusen % 100 tratatzea (bereizitako bilketak egin ondoren lortutako etxeko hondakinen errefusa) zabortegian ezabatu aurretik. Nafarroa guztian hondakinak zuzenean isurtzearekin amaitzea proposatzen du, halaber.
Planaren neurriak eta ekintzak ezartzeko zenbatekoa –azpiegituretako inbertsioa barne– 149,3 milioi euro da planak irauten duen epe guztirako. Kudeaketa-kapituluan (gaikako bilketa eta tratamendua) 548,7 milioi euro xahutuko da.
Hondakinen Etorkizuneko Foru Legea
Informazio-ekitaldi honetan partaidetza-prozesuan adostutako neurriak aurkeztu dira. Haien artean nabarmendu behar da, 2017ko urtarriletik aurrera idazten hasiko den Nafarroako Hondakin Legearen aurreproiektua egitea. Lege berriak, Nafarroako Gobernuaren eta toki-erakundeen artean koordinatuta, Foru Komunitateko etxeko eta merkataritzako hondakinen kudeaketa egokia bermatu beharko du,eta beharrezko baliabide ekonomikoak zein izan daitezkeen egoerak ziurtatu beharko ditu.
Bestalde, Ingurumeneko zuzendari nagusia den Eva Garcíak Hondakinak Prebenitzeko Bulego bat abian jarriko dela iragarri du zirkulartasuna eta prebentzioa sustatzeko, ekintza-planak bideratzeko eta babes teknologikoa eskaintzeko. Bulegoa 2017ko urtarrilean abian jarriko da Gestión Ambiental de Navarra enpresa publikoaren langile teknikoekin.
Garciak kontrolean eta jarraipenean aurrerapenak egin direla esan du instalazioen efizientzia hobetzeko: “Fluxuak bereizteko kontrolerako eta berrantolaketarako sistemak abian jarri dira, zabortegiak ixteko eta berrezartzeko proiektuak hasi dira Arbizun edo Culebreten”. Gainera, laster kanpaina bat hasiko da materia organikoa biltzeko mankomunitateen laguntzarekin”.