Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Organikopa sari banaketa Etxarri Aranazen

 

Bio-hondakinen birziklapena handitzeko eta hobetzeko Nafarroako Gobernuak eta Hondakinen Partzuergoak 92 herritan bultzatutako ekimenari esker, batez beste % 24 igo da berreskuratutako materia organikoa bildutako kantitatea pisatu ahal izan den udalerrietan. Gainera, aurreko urteko datuekin alderatuta, gainerako edukiontzira botatako hondakinak % 15 murriztu dira, zabortegira zuzenean doan bolumena eta horren ondoriozko CO2 isurketa murriztuz.

Lurralde Kohesiorako kontseilari eta Nafarroako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Bernardo Cirizak Etxarri Aranatzen parte hartu du udalerri arteko lehiaketa honetako herri irabazleei sariak banatzeko ekitaldian; hain zuzen ere, 300 tona plastiko eta kapsula birziklatu baino gehiagorekin egindako hiri-altzariak jasoko dituzte irabazleek, ekonomia zirkularraren prozesua osatzeko.
Nafarroako Hondakinen Planean (NHP) ezarritako konpromisoa nabarmendu du Cirizak; hau da, 2027an, sortutako materia organiko guztiaren %70 bereiztea. Gaur egun, batez bestekoa %33koa da Nafarroan; beraz, kontseilariak Organikopa bezalako ekimenak azpimarratu ditu, herritarrak kontzientziatzera bideratuak.

“Organikoparen lehen edizioa bere horretan amaitu da, baina erronkak aurrera jarraitzen du, eta hemen garrantzitsuena parte hartzea da, soilik joko-zelai bakarra dugulako, hots, gure lurra, eta denon ahaleginak bakarrik aukera emango digu hurrengo belaunaldientzat etorkizun eraginkorragoa eta iraunkorragoa lortzeko”, nabarmendu du Cirizak. Harekin batera izan dira sariak banatzeko ekitaldian Etxarri Aranatzeko alkatea, Silvia Marañon; Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, David Oroz; Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia, Jesus Mª Rodriguez; NILSAko kudeatzailea, Fernando Mendoza; eta Nafarroako hondakinen mankomunitate ezberdinetako ordezkariak.

Herri irabazleak 

Lehen edizioa bi hilabetetan garatu da, eta 92 herrik hartu dute parte, hondakinen kudeaketako 11 erakundetan banatuak. Sariak eman zaizkie materia organiko gehien eta ondoen berreskuratu duten herriei parte hartutako zona bakoitzean, eskualde bakoitzean hondakinak biltzeko erabilitako sistemen berezitasunak kontuan hartuta.

Silvia Marañon, Etxarri Aranazko alkatea, David Oroz, Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, Bernardo Ciriza kontseilaria eta Martintxo Zelaia, Altsasuko bolondresen ordezkaria.

Silvia Marañon, Etxarri Aranazko alkatea, David Oroz, Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, Bernardo Ciriza kontseilaria eta Martintxo Zelaia, Altsasuko bolondresen ordezkaria.

Sakanan, Altsasuk eta Etxarrik parte hartu dute lehiaketan. Etxarri Aranatzek Nafarroako erregistro onena lortu du, biztanle bakoitzeko 34,29 kilo materia organiko berreskuratuz. Altsasuarrentzat blondresek egiten duten lanari errekonozimendu sari bat egon da.

Araxes Garaiko Mankomunitatean, Arribe izan da irabazlea, eta, jarraian, Atallu eta Azkarate, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Ekimen honetan zehar, mankomunitateak gainerakoen zatiko edukiontzietan botatako hondakinak gutxienez %15 murriztea lortu du; beraz, horrek esan nahi du inguruko bizilagunek gehiago birziklatu dutela.

Baztanen bi lehiaketa egin dira aldi berean, herri bakoitzean bereizteko ezarritako ereduen arabera: bat konpostarena eta bestea edukiontzietan biltzea eta konpostajea. Edukiontzien bidez egindako kanpainan, herri handienak izan dira irabazleak; hots, Elizondo aurrena eta Oronoz eta Lekaroz ondoren. Konpostajeko kanpainan, berriz, herri txikiagoek irabazi dute, Anitz lehen postuan, Berroetaren eta Zigaren aurretik, hurrenez hurren.
Bidausiko Mankomunitatean, Aintzioa izan da irabazlea biztanleek erakutsitako inplikazio handiarengatik. Aezkoako Hiriberri bigarren geratu da eta Aria hirugarren.

Bortzirietan, Igantzik bildu ditu materia organikoaren kilo gehien biztanle bakoitzeko. Harekin batera, Bera eta Lesaka izan dira irabazleak, nahiz eta lehiaketa oso estua izan inguruko bost udalerriren artean.

Iratiko Mankomunitateari dagokionez, lehen edizioan soilik Agoitzek hartu du parte, materia organikoa herrian etxez etxe eta sorgailu handiaren bidez biltzeko ibilbidearen bitartez. Kasu horretan, gaikako bilketan familia gehiagok parte hartzea izan da helburua, eta horrela gertatu da %13 gehitu baitira izena emandako etxeak.

Mairagako Mankomunitatean, Garinoainek lortu du lehen saria, Murillo el Frutoren  eta Santacararen aurretik. Berreskuratutako materia organikoaren aldea oso estua izan da biztanle horien artean, eta mankomunitateak, oro har, bio-hondakinen bilketa %13 baino gehiago handitzea lortu du.

Mendialdeako Mankomunitatean izan da parte-hartze handiena, 20 herrirekin, eta Errazkin herriak irabazi du, Astitzen eta Gorritiren aurretik. Kasu horretan, biztanle bakoitzeko materia organikoko kilo gehiago bildu dira herri txikietan handiagoetan baino.

Jurramendiko Mankomunitatearen eremuan, hondakin zatikiko edukiontzien karakterizazioak egin dira aldizka, hondakin desegokien bilakaera nolakoa zen ikusteko, bereziki materia organikoa. Azketa herriak eskuratu du lehen saria, eta, ondoren, Urbiolak eta Iguzkitzak.

Valdizarbeko mankomunitatean, Obanosek lehen postuan bukatu du txapelketa, eta Nafarroako bigarren markarik onena lortu du, pertsonako 31,26 kilo materia organiko birziklatuta. Berbinzana eta Puente la Reina/Gares taldeek bigarren eta hirugarren sariak lortu dituzte, baina nabarmentzekoa da erakunde osoaren bilketa % 39 igo dela oro har; beraz, herri guztiek lortzen dute ezarritako erronka gainditzea: 16 kilo biztanle bakoitzeko.

Material birziklatuarekin egindako sariakSari gisa, herri irabazleek hainbat elementu jasoko dituzte, hala nola lorontziak, bankuak, hesiak, paperontziak, edukiontziak, etab. Horiek proiektu iraunkor baterako erabili beharko dira, eta horrek onura soziala ekarriko die udalerriari eta biztanleriari. Altzari horiek 300.000 kilo plastiko prozesatuta sortu dira Tuterako Culebrete lantegian, eta 260.000 kafe-kapsula jaso dira Valdizarbeko Mankomunitatean.

Sari-banaketan, parte hartu duten erakundeetako langileek harria arrastatu dute, hondakinak tratatzeko katean inplikatutako guztiek egindako ahalegina irudikatzeko. Gainera, trikitixa zuzeneko musikarekin girotu da ekitaldia, herriko instrumentista baten eskutik.

Nabarmentzekoa da Organikoparen lehen edizio honetan sare sozialen bidezko komunikazio-kanpaina bat egin dela, herritarrak materia organikoa bereiztera animatzeko. Ekimenak 57.000 inpaktu baino gehiago lortu ditu Facebooken eta Instagramen bidez.