Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

SAKANAN BERRIZ ERE ARROPA EDUKIONTZIAK HERRI GUZTIETAN

Ziordia, Olazti, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Lizarraga, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Uharte Arakil, Irurtzun eta Ihabarren.

Europako Hondakinei buruzko legediak (Directiva 2018/851/CE), 2025erako herri guztietan arropa bilketa ezarria egon behar duela dio. Sakanan, aspalditik dihardugu lan honetan. 1995. urtea zen Emauseko Trapuketarien Atez ateko bilketa Zerbitzua martxan jarri zenean. Arbizuko Garbigune Finkoak ere 2006an hasi zuen bere ibilera. Altsasuko Garbigunea Finkoaren jarduera aldiz, 2020ko urrian hasi zen.

Egon zen garai bat arroparen edukiontziak gure herrietako kaleetan egon zirena. Zerbitzu hau 2019ko abenduan eten zen, kudeaketa egiten zuen enpresak, Humanak hain zuzen, bere Nafarroako delegazioa itxi zuenean. Geroztik,  arropa Emauseko Trapuketariek atez ate eta garbigune finkoetatik biltzen jarraitu dute. Eta orain berriz ere, Sakanako Mankomunitatearekin egindako hitzarmena medio, arropa edukiontziak kaleetara itzuliko dira.

Bagenekien aitzitik, oso ongi funtzionatzen zuen zerbitzua dela eta herritar askok faltan bota dutela. Izan ere, kalean arropa edukiontziak izatea arropa edozein momentutan botatzeko aukera izatea ahalbidetzen baitu eta oso erosoa baita hiritarrentzat. 2021eko abendutik aurrera, pixkanaka pixkanaka Emauseko Trapuketariak arropa edukiontziak gure herrietako kaleetan jartzen hasi dira. Dagoeneko Altsasuko zenbait puntutan jarrita daude. Sakana guztian 29 arropa edukiontzi  jarriko dira. Lehenago arropa edukiontziak egon ziren bilketa puntuetan kokatuko dira berriro.

Datu ofizialek diote moda azkarraren barne dauden kateetan saltzen den arroparen % 50a, urtea bete aurretik hondakin bihurtzen dela. Orain dela 15 urte baino %60 arropa gehiago erosten dugu eta denbora erdia erabiltzen dugu. Horren ondorio da ehunak hondakin bilakatu izana eta sortutako kantitateak gorakada izugarria ematea. Estimatzen da gaur egun sortzen ditugun hondakinen %4-5 inguru, textilak direla.

Pentsatu duzu inoiz benetan hainbeste arropa behar ote duzun? Badakizu 7.500 litro ur behar direla praka pare bat ekoizteko, eta kopuru hori dela pertsona batek zazpi urtean gutxi gorabehera edaten duen ur kantitatea? Ehungintzaren industriak produktu kimiko toxikoak erabiltzen ditu, ur eta argindar kontsumo altua dauka eta hondakin toxiko asko isurtzen ditu.

Horregatik arropa erosterakoan kritikoago jokatu beharko genukeela uste dugu. Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzutik arropa eskuratzeko bide jasangarriagoak erabiltzeko gomendioa luzatzen dugu. Esaterako, bigarren eskuko arropa eskuratuz edota ehun naturalekin edota material birziklatuekin egindako arropak aukeratuz. Gainera gure arroparen bizia luzatu dezakegu  konponduz eta arropa zaharrekin arropa berriak sortuz. Bestela ere erabiltzen ez dugun arropa, lagunei, senitartekoei, laguntza ematen duten elkarteei, eta abarrei oparitu diezaiekegu.

Lan ildo honetatik joaz, eta ehunak hondakin bihurtzerik nahi ez badugu, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak arroparen bilketa indartu nahi du. Gaur egun sortzen denaren %15-20 inguru bakarrik lortzen da sailkatua biltzea. Europako Legediaren arabera, 2020. urterako gutxienez %50ak, berrerabilpen eta birziklapenaren bidea hartu beharko zukeen.

Erabili behar ez dituzun textilak (arropa, poltsoak, gerrikoak, oinetakoak, etab.) edota apurtu zaizkizunak eta egoera txarrean daudenak, arroparen edukiontzi hauetara bota. Ez bota errefusarekin edukiontzi berde edo grisera. 2018an egindako karakterizazioek agertarazi zuten errefusaren edukiontzian doanaren %6,42a textilak direla oraindik ere.

Beraz, hiritar guztien laguntza behar dugu ehunek bide egokia har dezaten, zabortegi batean lurperatzea sahiestu nahi badugu. Arroparen edukiontzi hauetan bota ez gero, edota garbigune finkoetara eraman ez gero, baita atez ateko bilketa eskatu ez gero ere, haundituz joan den hondakin hau, textila, Emauseko Trapuketarien eskutan uzten dugu. Hauek, Berriozarren duten Berrerabilpen eta Birziklapen Plantara eramaten dute. Han arropak sailkatu eta higienizatu egiten dituzte.

Egoera onean dagoen arropa berrerabili ahal izateko, beren denden bitartez egiten duten bigarren eskuko salmentara bideratzen dute. Egoera txarrean dagoen arropa birziklatu egiten da garbiketarako trapuak sortuz. 2020an, Nafarroan, Emauseko Trapuketariek 2.395.511 kg arropa bildu dituzte, bildutakoaren %72,5a, berrerabili (%4,4) eta birziklatu (%68,1) delarik.

GOGORATU ARROPA NON UTZI BEHAR DEN, AUKERA DESBERDINAK DITUZU:

  1. Kalean dauden Arroparentzako edukiontzietan
  2. Altsasuko eta Arbizuko garbigune finkoetan. Astelehenetik ostiralera 9:00-14:30etara.
  3. Emauseko Trapuketarien atez ateko bilketa erabiltzeko, deitu 948 46 48 67 telefonora.

Informazio gehiago: Arroparen Bidea