Natura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen ditu Amaia Egidazuren “Dorotea” albumak: hona hemen amatxi, bakardadean, eguneroko deserotasunen eta eragozpenen aurrean, ausart, konponbide bila.
Testuaren aldetik, paralelismoak, segidak, errimak eskaintzen dizkigu, oihartzuna landuz, josta gaitezen; ilustrazioaren aldetik, bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen digu, iragana oraineratuz eta aldarrikatuz, diberti gaitezen. Album petoa, oreka betekoa, istorioak eta ilustrazioak aldi berean irakur ditzagun irriz eta irrikaz.
Guztira 30 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketan, epaimahaia, Leire Salaberriak, Idoia Sobrinok eta Patxi Zubizarretak osatu dute. 5000 euroko sari bakarra eman da egile eskubideen aurrerapen moduan eta lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2021eko udazkenean.