Sakanako Mankomunitateak eskainitako hondakinei buruzko sentsibilizazio-tailerretan Altsasuko, Urdiaingo, Iturmendiko, Etxarriko, Olaztiko, Lakuntzako eta Irurtzungo 242 ikaslek parte hartu dute.
Hondakinen prebentzioa eta gaikako bilketa bultzatzea da tailerren helburua, eta Nafarroako Gobernuak sustatzen ditu, GAN enpresaren bidez, eta Sakanako Mankomunitateak antolatzen ditu. Tailerrak doakoak dira ikastetxeentzat eta langile espezializatuek koordinatzen dituzte. Lehen hezkuntza eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat dira, helburua hondakinen kudeaketa zuzenaren garrantziaz informazioa ematea eta horren gaineko sentsibilizazioa lantzea da. Modu ludiko batean eta betiere prebentzioan eta birziklapenean oinarrituz, ingurumenaren babesa hobetzea du zeharkako helburu.
Nafarroako Gobernuak hondakinak kudeatzeko sistema integratuekin sinatutako hitzarmenen esparruaren barnean sartzen da ekimena. Honako hauek dira sistema/enpresa horiek: ontzi arinak, papera eta kartoia (Ecoembes); beira-hondakinak (Ecovidrio); eta tresna elektrikoen eta elektronikoen hondakinak, TEEH (Ambilamp, Ecoasimelec, Ecofimática, Ecolec, Ecolum, Ecoraee, Ecotic, Europako Birziklatze Plataforma eta Tragamóvil)
Sentsibilizazioa ikasleekin lantzea, legearen helburuak lortzeko jardueretako bat da; hondakinen %10eko murrizketa aurreikusteaz gain, %50ko birziklapen-mailak ere lortu nahi ditu etxeko eta merkataritzako hondakinetan 2020. urterako.