Maiatzaren 20 eta 21ean Capannorin (Italia) Zero Zabor Herrien bilkura ospatu da. Zero Waste Europek antolatutako ekitaldian izan dira Aitor Karasatorre Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria eta Luis Intxauspe Hernaniko alkatea.
Zero Zabor bidean hondakinen kudeaketa egokia egiten duten herriak daude aipatutako sare honetan. Guztien artean ezagunena, Veneton kokaturiko Contarina eskualdea da egiten duen lan txukunagatik. Zero Waste Europen helburuetako bat berriz, Zero Zabor norabidean etengabeko konpromisoak hartzeko prest dauden udalerriei gauzak erraztea eta laguntzea da.
Udaletako ordezkariak, tartean Intxauspe hernaniarra.
Maiatzaren 20an Capannoriko Udaleko pleno aretoan hamar herrialdeetako (Irlanda, Italia, Eslovenia, Frantzia, Euskal Herria…) ordezkariak elkartu ziren. Bertan, Europako Zero Zabor herrietako lau esperientzia aurkeztu ziren herri bakoitzeko zinegotzi edo alkateen eskutik: Parma, Campannorim, Miramas eta Hernani. Luis Intxauspek Hernaniko gaikako bilketaren esperientzia azaldu zuen, inguruko herri askotan azken urteotan izandako bilakaeraren berri emanez. Gipuzkoan hondakinen kudeaketa liskarrarekin lotzeko saiakerak dauden bitartean, Europan eredugarritzat ikusten da Gipuzkoan egiten ari den lana eta goraipatu egiten da. Goizeko atalari amaieran emateko Zero Zabor Herrien Sareari buruz azalpenak eman zituzten Zero Waste Europeko kide diren Joan Marc Simonek eta Enzo Favoinok.
Teoria praktikara nola eraman ikusteko berriz hiru gune bisitatu zituzten bilkurako partaideek: DACCAPO berrerabilpenerako zentroa, LUCENSE COMPANY and RESEARCH CENTER, hondakin soberakinei irtenbidea emateko azterketak egin eta proposamenak egiten dituen zentroa eta ZERO WASTE RESEARCH CENTER errefuseko hondakin birziklagarrien inguruan hausnartu eta erabakiak hartzeko zentroa.
Hurrengo egunean, Capannorin gaikako bilketa atez ate nola egiten duten ikusi ahal izan zuten bisitariek udal ordezkarien eskutik argibideak jasoz. Bestalde, Florentziako “Mothers against Incineration” elkarteak errauste planta basten aurka daraman borrokaren berri eman zuen.
Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak jardunaldia arrakastatsutzat baloratu du eta bertaratuko Hernaniko Alkateari eta Nafarroako Mankomunitateetako lehendakariei azalduriko interesa eskertu nahi izan die. Bide batez aurreratu du, Zero Zabor Herrien Sarea – Euskal Herria udazkenean lantzen hasteko asmoa dutela.
Jardunaldiko partaide guztiak, ezkerrean behean ordezkari euskaldunak.