Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Zerua Gris Dago album ilustratua argitaratu da

2016ko ekainaren 29an iragarri zen 2016ko Etxepare sariaren irabazlea. Isaak Martínez eta Liébana Goñiren Zerua Gris Dago obra saritu zuen aurtengo edizioak, lehiaketan parte hartu zuten 23 lanen artetik. Orain Pamiela argitaletxeak argitaratu du, eta atzo aurkeztu zen liburua Antsoaingo udaletxean.

Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak, hain zuzen ere. Elur artean denbora aurrera doa, baita haien arteko erlazioa ere.
Isaak Martínezek eta Liébana Goñik ikastetxe berean egiten dute lan. Isaakek Liébanari ipuina erakutsi ondoren, elkarlanari ekin zioten, Liébanak ilustratu zezan. Istorioa kontatzeko, ilustrazioen eta hitzen esangurarekin jokatu dute, eta, horretarako, testuak birmoldatu dituzte irudiak kontakizunaren parte bihurtzeko.

Martínezek aditz gutxi eta onomatopeia adierazgarriak erabili ditu idazterakoan, testuari indarra emateko asmoz. “Iruditzen zait, idazterakoan, musikan eta zineman bezala, sinpletasuna konplexutasuna baino esanguratsuagoa izan daitekeela”. Goñik, berriz, teknika berriak probatu ditu, eta horrek, besteak beste, elurraren kontrasteak, koloreak eta ehundurak lantzeko aukera  eman dio.

Etxepare saria 2017
Era berean, atzo goizean egin zen 2017ko Etxepare sarian parte hartzeko deia. Hala, haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira lehiaketara. Proposamenak albumaren ezaugarriak izanen ditu; hau da, osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatuko du. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Originalak aurkezteko epea 2017ko maiatzaren 19an itxiko da. Sariaren oinarriak hemen.

zerua-gris-dago-etxepare-saria-2016-sakana-mank