Abizenak euskal grafiaz jartzeko tramitea erregistroan edo udaletxean egin daiteke. Gurasoek abizena aldatuta adingabeko seme-alabenak automatikoki aldatzen dira.
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak dokumentu ofizialetan euskal abizenak grafia zuzenean jartzeko kanpaina jarri du martxan. Aurtengo kanpainari Emaiozu abizena euskaraz izena eman zaio, eta hartzaile nagusiak gurasoak izanen dira.
Euskara normalizatzeko urratsa
Gutariko askok erdal grafiaz idatzita jaso ditugu euskal abizenak. Mendetan euskarak ez du ofizialtasunik izan eta, horregatik, inguruko hizkuntza ofizialen grafian idatzi dira. Hizkuntza normalizatuetan ez da horrelakorik gertatzen: Ingelesek Shakespeare idazten dute, eta ez Xexpir, eta gaztelaniaz Cervantes idazten da eta ez Zerbantes. Euskaldunok, berriz, Echeverría edo Aguirre idazten jarraitzen dugu.
Euskal abizenak euskal forma eta idazkera zuzenera itzultzea euskara normalizatzeko eta gure hizkuntzari prestigioa emateko urrats bat da.
Gurasoei mezua
Sakandar gehienek seme-alabei euskara erakustea erabaki dute. Baina ez dugu ahaztu behar haurrak, hizkuntza ikasten ari diren bitartean, hizkuntza horrek gizartean duen lekua ere bereganatzen ari direla. Abizenaren grafia aldatzea, hizkuntzaren normaltasunean keinu txikia da, baina seme-alaben eguneroko bizitzan presentzia handia duena. Horregatik, urrats hori ematera animatzen ditugu gurasoak.
Aldaketa erregistro ofizialean bertan
Euskal abizena modu ofizialean euskal grafiaz jartzea oso erraza da. Izapide edo tramite guztiak erroldatuta zauden herriko erregistro zibilean egin daitezke, epaitegian edo, ez badago, udal bulegoan.
Agiri hauek behar dira (horietako batzuk udaletxean edo erregistroan lortuko dituzu):
-
Nortasun agiriaren fotokopia.
-
Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria. Erregistraturik zauden udaletxean edo epaitegian eskatu behar duzu.
-
Errolda agiria. Udaletxean eskatzen da.
-
Familia liburua. Ezkonduta bazaude edo seme-alabak badituzu.
Gurasoek abizena aldatuta, 18 urtez azpiko seme-alabenak automatikoki aldatzen dira. 18 urtez gorakoek Erregistrora joan eta adierazi behar dute haiek ere abizenak aldatu nahi dituztela.