Hemen da eLe festa, hirugarrenez. Sakanako AEK-k, Sakanako Mintzakide programak, Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak eta Guaixe fundazioak antolatzen dute eLe festa, Altsasuko Gazte Asanbladak antolatzen duen Alde Zaharreko Euskal Festaren barruan. Larunbatean izanen da, 12:00etan, Foru plazan.
Ekitaldiak izenean berean darama ospakizunaren zentzua, festa hitza hain zuzen ere. eLea berri hitz jolas bat da. Alde batetik, elea, berba eta hitza sinonimoak dira. Baina maiuskulaz idatzitako L hori ere ibilgailuen gida baimena atera berri duten gidariek autoetan jartzen duten itsasgarriari ere keinu egiten dio. Beraz, hasi berrien festa da eLe festa. Zertan hasi berri? Euskaldungoaren bide berrira sartu diren hiztun berriena, praktikatzen hasi diren horiek dira hain zuzen ere eLe festaren ardatza. Eta hori ospatzeko, praktika eta festa uztartzen ditu ekitaldiak, praktikan dauden horiek erdigunean jarriz.
Ikasturtea despeditzearekin batera euskararen ikasketa prozesua bukatuko dute hainbat sakandarrek eta euskara hiztun berriak izanen dira. Beste batzuk Mintzakide programan ari dira, taldetan, euren gogoko jardunean, astean behin elkartu eta dakiten euskara praktikatzen eta hobetzen. eLe festak, euskara praktikatu eta bizi Sakanan! leloarekin, hiztun berriak eta Mintzakideko kideak omendu nahi ditu.
Larunbatean euskara hiztun berriak eta Mintzakiden luze aritu diren sei sakandar omenduko ditugu. Euskaldunen komunitatea zabaltzeko eta handitzeko egin duten ahalegina aitortu nahi diegu. Eta opari batekin saritu. Opari hori aurretik euskaldundutako beste sei sakandarrek emanen diete, horrela ibarreko euskaldunon komunitatera hiztun berrien etorrerak etenik ez duela irudikatuko da.
Ekitaldiaren ondoren, bertan diren guztiak elkarri euskara opari eginen diote. Elkarrekin hitz egiteko mintzodromoa antolatu baita. Hiztun berriak euskarazko komunitateko kide berriak ezagutu eta haiekin praktikatzeko eta haien babesa jasotzeko aukera aparta izanen da. Batzuen eta besteen euskal hiztunen sareak zabalduko dira horrela. Gurasoak direnek ez dute aitzakiarik izanen, haien txikiak haurrendako txokoan egoki zainduak izanen direlako. Kidam mago ibiltaria ere presente izanen da ospakizunean. Gure ospakizunetan ezin dira jan-edanak falta, eta eLe festan ezta ere: auzatea eta bazkaria izanen dira omenaldi-ospakizunean. Altsasuko Alde Zaharreko Euskal Festak direnez, mintzapraktikak festa giroan segituko du.
Urte berezian heldu da III. eLe festa, azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia ospatuko baita. Euskararen erabilerari bultzada eman nahi duen egitasmo horretan dagoeneko Sakanako 7 herrik eman dute izena eta gehiago izatea espero dugu, ahalik eta sakandar ekimenarekin bat egin eta gure arteko euskarazko sareak zabaldu ditzagun, larunbatean egiten hasiko garen moduan.
Sakanako AEK-k, Sakanako Mintzakide programak, Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak eta Guaixe fundazioak larunbateko omenaldira joateko gonbidapena altsasuar eta sakandar guztiei luzatzen diete. 12:00etan izanen da, Altsasuko Foru plazan (eguraldiak laguntzen ez badu Iortia kultur guneko ezkaratzean).