Beste urte batez ere, Sakanako Mankomunitateak bertako materia organikoarekin egindako konposta banatzen jarraitzen du Sakanako herritarren artean. 2018ko maiatzaren 21era arte, 36.000 kilo konpost banatu dira Arbizu Zabortegitik aurten.
320 etxebizitza ezberdinek eraman dute orain arte konposta, eta oraindik ere banatzen jarraitzen dugu. Konpost honi, kalitate onekoa izanik, hainbat erabilera eman ahal dizkiote herritarrek: baratzeko lurraren kalitatea hobetzeko erabili dezakete, bertan dagoen lurrarekin nahastuz edo ongarri bezala ere erabili daiteke, baratzean bertan landatutakoaren hazkundea hobetzeko edo etxeko loreak ederragoak atera daitezen.
Esan bezala, oraindik ere konposta eskuragai dago Arbizuko zabortegian. Eskuratu nahi duten herritarrek honakoa egin behar dute:
-
Arbizuko zabortegira hurbildu, goizeko 8:00etatik eguerdiko 15:00etara astelehenetik ostiralera.
-
Bulegotik pasa, konposta hartu behar den etxebizitzen izena apuntatzeko
-
Etxebizitza bakoitzak 50 litroko 3 zaku eraman ditzake gehienez.
-
Zakuak norberak kargatu behar ditu konpost pilatik, zabortegian pala badugu eta zakuak uzteko aukera ere, nahiz eta etxetik ekartzea gomendatzen dugun.
Sakanako Mankomunitatetik herritarrak animatzen ditugu zabortegira etorri eta konposta hartzera. Horrela, Sakanako herritarrek materia organikoa banatzen hasitako zikloa Sakanan bertan ixteko aukera dugu, materia organiko horrekin egindako konpostak Sakanako lurrak hobetuz berriro ere lehengaiak lortzeko.