Joan den asteazkenean, urriak 9, aurkeztu zen Lakuntzan, Sakanako udalen eta hainbat eragileren laguntzaz Mankomunitateak sustatu duen “Sakana guztion artean” Plan Estrategikoa. Bertan azaldu zen, Sakanak 2025era bitarte dituen erronka eta lehentasunei heltzeko unea izanik egingo dela Plan Estrategikoa. Agertutakoek Plan hori guztion artean egitearen garrantzia azpimarratu zuten, Sakana kolektiboki eraikitzen jarraitzeko beharraz jabetuta.
Lehen bilkura urriaren 17an Lakuntzan
Ekarpenak egiteko hainbat aukera eta espazio ireki dira. Besteak, beste, Web orrialdearen bidez nahiz e-posta bidez egin ahal izango dira ekarpenak. Aldi berean, bilkura egutegi zabala programatu dute. Mankomunitateak egutegi hau proposatu du:
Urriak 17, osteguna (18:00-20:30) Udal eta eragileekin 1. saioa Lakuntzako kultur etxean.
Urriak 22, asteartea (18:00-20:30) Udal eta eragileekin 2. saioa Lakuntzako kultur etxean.
Urriak 23, asteazkena (18:00-20:30): Herritarren 1. saioa Altsasun Iortian.
Urriak 24, osteguna (18:00-20:30): Herritarren 2. saioa Irurtzunen kultur etxean.
Bilkura irekietan, zertaz ariko gara?
Sakandarrekin batera egingo diren saio hauetan, gai garrantzitsuez ariko dira parte hartzaileak. Bi atal nagusitan banatuko dira gau horiek:
Lehena, Eskualde mailako identitatearen eraikuntzari lotua. Besteak beste, honako galderen inguruan ariko gara:
Sakanaren eta sakandarron identitatearen eraikuntzan zerk eragiten du? (Zergatik bizi nahi dugu bertan, eta zerk zailtzen digu bertan bizitzeak…)
Bigarrena, berriz, Mankomunitatearen azterketan zentratuko da. Honela, galdera hauek jarriko dira, besteren artean, mahai gainean:
Zer espero dugu Mankomunitatearengandik? (Jasotzen ditugun zerbitzuak egokiak dira? Zerbait aldatuko genuke? Zerbait indartuko? Besteren bat behar dugu?…)
Parte hartzeko deia
David Oroz Sakanako Mankomunitatearen Presidenteak herritarrei dei egin die bilkura ireki hauetan parte har dezaten. “Plan Estrategikoaren aurkezpenean eragile sorta polita bildu ginen. Orain gauzak zehaztu eta konkretatzeko unean gaude. Garrantzitsua da gure etorkizunaz ari garenean, ahalik eta gehienon parte hartzea izatea. Asteazkenean, Lakuntzan elkar ikustea espero dugu”, azpimarratu du.
Mankomunitateko langile eta ordezkariak, Garepen agentziako eta eragile desberdinetako ordezkariak eta Irurtzun, Arakil, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordiko udaletako ordezkariak izan ziren aurkezpenean.
Argazkiak: Guaixe