Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Bi ipuin interaktibo berri ERA.eus-en

ERA.EUS euskaraz ikasten duten 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako
plataforma da, Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuk elkarlanean sortua. Bertan
haurrak euskaraz hazi eta hezten ari diren gurasoei hainbat gomendio eta laguntza ematen
zaie, eta makina bat baliabide.

Horien artean ez dira ipuinak falta, noski. Izan ere, ipuinak kontatzea oso onuragarria
da haur eta gurasoen arteko lotura afektiboa sendotzeko, baita elkarrekin gozatzeko ere.
Liburuetan, interneten, nola ahozko ondarean badago non aukeratu, baita formatuari
dagokiolarik ere. ERAn, esate baterako, Ipuin digital interaktiboen atala estreinatu zen iaz eta
orain bi ipuin gehitu zaizkio.

Baliabide ezin hobea da irakurzaletasuna sustatzeko. Adinari begira, egoki-egokia da
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko haurrentzat. Istorioak Euskokultur
Fundazioak eta Labrit Ondareak egindako ahozko memoriaren bilketaren funtsetatik hautatu
eta eguneratuak izan dira, eta ilustrazioak Liebana Goñik egin ditu, istorioen pasarte bakoitza
zehatz-mehatz gorpuztuz. Eta, horrez gain, badira ilustrazio guztietan interakziorako
puntuak, haien gainean sakatuta haurren esperientzia aberastuko duten animazioak, hotsak
eta ahotsak.

Haurrek ipuin ilustratuak maite dituzte, irudiek bestelako dimentsio bat ematen
baitiote istorioari. Baina, ipuina ilustratua eta interaktiboa denean, esperientzia areagotzen da,
irakurketaren alde ludikoa nabarmen biderkatzen baita. Gainera, ipuinok era askotara erabili
daitezke: haurrei bere kasa irakurtzen utzi, elkarrekin irakurri, ipuinaren pasarteak entzun,
pasarteok entzun aurretik ilustrazioak elkarrekin aztertu…

Bildumako bi ipuin berriak ERA webgunearen Baliabideak atalean argitaratu dira, eta
honako hauek dira izenburuak: “Anuska nire laguna, beti tinko” eta “Iletxipi, Eugiko
mugalaria”. Bi horiekin zazpi dira jada bilduman.

Ilustrazioen egilea: Liebana Goñi. Ekoizpena: Labrit Multimedia.