Otsailaren 13tik 17ra, heldu den ikasturtean lehen aldiz eskolatuko diren haurren aurrematrikulazio epea irekiko da. Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako beste toki entitate batzuekin batera, haurrak D ereduan matrikulatzearen aldeko gonbita luzatu die gurasoei.
Izan ere, formula borobila da, D ereduan Nafarroako berezko bi hizkuntzak eta ingelesa ikasten direlako. Hizkuntzak irakasten aitzindaria da eredu hau eta berrikuntza metodologiko zein pedagogikoak etengabekoak dira. 45 urteren ondotik hartutako esperientziak eta egindako ibilbideak kalitatea eskaintzen du. Haurrek ingurune anitz eta bateratzailean ikasteko aukera dute D ereduan. Gainera, hurbileko komunitate dinamiko batek beharrezkoa den sostengua eskaintzen die.