Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Elefantitare

Elefantitare deitzen zioten, titare bat bezain txikia zelako. Behiak baino txikiagoa zen eta astoak baino txikiago, txakurrak baino txikiagoa zen eta katuak baino txikiago, saguak baino txikiagoa zen eta txoriak baino txikiago.

Baina Elefantitare ez da batere gustura bizi:
—Behiek eta astoek zapalduko naute. —Esaten zion amari.
—Txakurrek eta katuek jango naute. —Esaten zion aitari.
—Saguek eta txoriek beldurtzen naute. —Esaten zio amonari.

Elefantitare aitonarengana joan zen eta esan zion:
—Aitona, triste, goibel eta haserre nago.
—Triste, goibel eta haserre zergatik, e?, zergatik? —Galdetu zion aitonak.
—Titare bat bezain txikia naizelako.
—Ba, suerte handia duzu. Horrela ez duzu beti jan eta jan aritu behar, edan eta edan jardun behar.

Une hartantxe euri zaparrada ikaragarria hasi zen eta Elefantitare harri baten azpian gorde zen. Euri zaparrada ikaragarria aitonaren bizkar gainera erori zen.
—Atxis! —egin zuen aitonak— atxis, atxis, atxis!
Elefantitarek burua harripetik atera eta esan zion aitonari:
—Goazen lehen bai lehen etxera. Aspirina handi-handi bat hartu beharko duzu gripe handi-handi bat harrapatu baino lehen.

Anjel Lertxundi