Haurrentzako albumak sortzeko
Bat
Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira sari honetara.
Album ilustratu bezala ulertzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten
lanak.
Bi
Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da
onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere.
Hiru
Lehiaketan honela parte hartu daiteke: bakarka edo idazle eta ilustratzaileek
osatutako taldean. Egileek adinez nagusiak izan behar dute eta nahi beste lan
aurkez ditzakete.
Lau
Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm (zabalera) x 21cm (altuera) baino
txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte (babes-orriak,
azala eta kontrazala kanpo). Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago
edukiko (zuriuneak barne). Ez dira album mutuak onartuko, hitzik gabekoak
alegia. Ez da adimen artifizialarekin egindako lanik onartuko, ez osorik ez eta
atal batean ere.
Bost
Sari hau azken lau deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen
lanak alde batera utziko dira, nahiz eta arestian aipatutako baldintzak bete.
Sei
Lehiaketan parte hartzen dutenek albumaren maketa (fisikoa, digitala edo biak)
aurkeztu beharko dute. Lanak www.etxeparesaria.eus webgunearen bitartez
aurkeztuko dira, horretarako prestatutako formularioaren bidez. Aholkatzen da
fitxategiek 20 mega baino gehiago ez izatea. Egileek nahi badute, irudi
originalak bidal ditzakete posta arrunt bidez epaimahaikideek jatorrizko lana
ikus dezaten.
Zazpi
Lanak izengoitiaz izenpeturik egongo dira.
Zortzi
Lanak posta arrunt bidez bidaliz gero, lanarekin batera gutun-azal itxi bat
aurkeztuko da, kanpoko aldean lanaren titulua eta egilearen goitizena izango
dituena eta barruan egilea edo egileen datuak: izen-abizenak, helbidea,
telefonoa, helbide elektronikoa, NANaren edota pasaportearen fotokopia eta
egilearen aipamen bio-bibliografikoa. Lanak helbide honetara bidaliko dira:
ETXEPARE SARIA, Larraungo Udaletxea, Euskara Zerbitzua, Gabari Plaza,
31878 Mugiro (Nafarroa).
Bederatzi
Obrak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 9an, ostiralean, itxiko da.
Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2025eko ekainaren 27a izanen da.
Hamar
Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko
dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Udal eta
mankomunitate antolatzaileetako teknikari batek idazkari lanak eginen ditu
(hitza izanen du, baina ez botorik). Pamielak izendatutako pertsonak egon
daitezke epaimahaiak egiten dituen bilkuretan (hitza izanen dute, baina ez
botorik). Epaimahaiaren iritziz, aurkeztutako lanek behar adinako mailarik ez
balute, ez da saririk emanen. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da.
Hamaika
Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa. Zergen atxikipena indarrean dagoen
legediari jarraiki eginen da.
Hamabi
Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, eta argitalpenean
Etxepare sariaren aipamena eginen da.
Hamahiru
Saria eman eta hilabeteko epean originalak itzuliko zaizkio eskatzen dituenari.
Epe hori igarota, eskatzen ez diren lanak suntsitu egingo dira. Denbora tarte
horretan argitaletxeren batek aurkeztutako lanak ikusi nahi baditu, baimena
eskatu beharko zaio aldez aurretik egileari.
Hamalau
Oinarri hauetan zehaztu gabeko zalantzaren bat agertzen bada, epaimahaiak
argituko du eta, hark egiten ez badu, udal eta mankomunitate antolatzaileek
erabakiko dute. Sari honetan parte hartzeak oinarri hauek ezagutzea eta
onartzea dakar.