Emauseko Trapuketariek 1995. urtean hasi zuten Sakanan barrena atez ateko altzarien bilketa, eta egun, tamaina handiko objektuen bilketarekin eta Arbizuko Transferentzia guneko Puntu garbiko objektuen bilketarekin osatzen dute lana.
Sakanako 31 herrietako 20.504 biztanleri ematen zaie zerbitzua. Zerbitzuen eskaintza jarraiak eta herritarren parte hartzeak 15 aldiz biderkatu du era egokian kudeatzen diren materialen kopurua, hortik berreskuratzen dena % 90,47 inguru da. 2015ean 256,5 tona jaso eta haietatik % 9,47 berrerabili eta % 72,3 birziklatu ziren.
2015ean 256.532 kg. hondakin | ||
JASOTAKOA | 256.532 kg | 100 % |
Berrerabilia | 21.548 kg | 8,4 % |
Birziklatua | 185.600 kg | 72,3 % |
Errefusa | 49.118 kg | 19,2 % |
% 80,7 BERRESKURATUA |
Hondakinen kudeaketan legediaren bidetik, Zero Zabor helburu
Gure ekoizpen ereduaren ondorioz sortzen den hondakin kopurua IZUGARRIA da. Ekoitzitako ondasunen eta kontsumo gaien %90 hondakin bihurtzen dugu pertsonok. XXI. mendean sartuta, planetak natura berritzeko duen gaitasuna pasatua dago, naturak sortu dezakeena baino baliabide gehiago kontsumitzen dugu.
Zorionez, Europako nahiz Estatuetako legediek hondakin‐ekoizpenaren murrizketaren eta berrerabilpenaren alde egin dute apustu. 2030ko Europan Zero Zabor helbururako bidean, zenbait herrialdek ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin dute honezkero, tartean Sakanako Mankomunitateak. Alegia, ekoizkinen bizi‐zikloa egoki ixtea, alde batera utziz “hartu‐ekoitzi‐kontsumitu‐deuseztu” ekonomia jasangaitz hori.
Europako 2008/98/CE Zuzentaraua bera sortu aurretik ere Sakanako Mankomunitateak abian jarria zuen hondakinen kudeaketaren hierarkia europarra Emauseko Trapuketarien zerbitzuen bitartez:
1. Prebentzioa: Aurre‐lana, egunero ekoizle nahiz kontsumitzaileok sortzen ditugun hondakinak murrizte aldera.
2. Berrerabilpenerako prestaketa: Ikuskatzea, garbitzea eta konpontzea berriz erabili ahal izateko.
3. Birziklapena: Hondakinen eraldaketa, materialak bereziz eta sailkatuz berriz ere lehengai gisa erabiliak izan daitezen.
4. Bestelako balioeste bideak.
5.Deuseztatzea: Egoera txarrean diren gauza eta materialak, berrerabili edo birziklatu ezean, zabortegira doaz.
Atez ateko bilketa, berrerabilpenerako biderik egokiena
Prebentzio lanaren ondoren, berrerabilpenerako prestaketa hobeki bermatzen duen bilketa da atez atekoa. Objektuak sor‐lekuan jasotzean berrerabilpena eta birziklapena errazten dute, izan ere, eskuz egiten denez, gauzak era egokian tratatzeko aukera ematen du. Gainera, hondakinen kudeatzaileen eta herritarren arteko harremana bermatzen du. 2015ean Emauseko Trapuketariek eskualdeko 31 herrietan, 1.440 etxeetan jaso zituzten objektuak eta 154 kamioi bete zituzten. Bestalde, Arbizuko Transferentzia guneko Puntu garbitik 27 tona TEEH (Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinak) bildu zituzten.
Hamabi kilo bizilagun bakoitzeko 2015ean
Hondakinen kudeaketa zuzenaren bidean, 2015ean Sakanako bizilagunek 256,5 tona biltzea lortu dugu –12,5 kilo lagun bakoitzeko‐. Horietatik gehienak berreskuratu egin dira, birziklatuz edo berrerabiliz.
Kg. | % | Jatorria | |
ALTZARIAK ETA BESTE | 174.238 kg. | 67,9 5 | Etxeak eta garbigunea |
TEEH (Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinak) | 62.184 kg. | 24,2 % | Etxeak eta garbigunea |
ARROPA | 20.110 kg. | 7,8 % | Etxeak eta garbigunea |
GUZTIRA | 256.532 kg. | 100 % |
Bildutako objektu eta material guztiek, hasieratik, bereizketa eta sailkapen bidea egiten dute:
- Berrerabili: arropak, liburuak, altzariak, jostailuak, etxetresnak… Ongi daudenak edo konpondu daitezkeenak zuzen doaz tailerretara, dendetara bidali eta bigarren bizitza-aldirako ongi prestatu eta konpontzeko.
- Birtziklatzea: objektuak desegin (desguazatu) egiten dira eta materialak bereizi eta sailkatu berriz erabili ahal izan daitezen lehengai gisa edota ordezko pieza gisa.