Udako atsedenaldiaren ondoren, urrian hasi ziren martxan Sakanako Mintzakide taldeak. Urtarrilean izena emateko bigarren epea ireki da. Martxan dauden taldeetan izena eman daiteke edo talde berria sortzea proposatu. Izen-ematea dohainik da.
Euskara praktikatu nahi baduzu, eman izena Sakanako Mintzakiden!
Praktikatuz ikasten da
Hizkuntzak erabiliz ikasten dira. Beraz, euskararen ikas-prozesua bizkortzeko eta aberasteko euskara praktikatu behar da. Batzuetan, ordea, ez da erraza izaten euskaltegitik kanpo euskaraz egitea edo ingurukoekin ditugun hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretan laguntzen du Mintzakide egitasmoak.
Zer da Mintzakide?
Mintzakide euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak ohiturarik (edo aukerarik) ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa da. Mintzakide taldeak txikiak dira. Taldean euskaraz ongi moldatzen den pertsona bat egoten da. Hura ez da irakaslea; beste taldekide bat da, eta ikasten ari direnei edo erraztasunik ez dutenei laguntzen die mintzapraktika programan.
Taldeak, orokorrean, astean behin eta ordubetez elkartzen dira. Taldekideek erabakitzen dute noiz eta non elkartu: tabernan, paseoan, parkean…
Sakanako mintza-taldeak
Sakanako Mintzakide programa Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak finantzatzen du, eta Sakanako AEK-k koordinatzen du.
Gaur gaurkoan, 12 mintza-talde daude Sakanan. Ordu eta leku hauetan elkartzen dira:
- Ziordia: ostiraletan, 17:00etan, liburutegian.
- Olatzagutia: astelehenetan, 18:30ean, Ogiberri kafetegian.
- Altsasu: astelehenetan, 10:00etan, liburutegian.
- Altsasu: astelehenetan, 16:00etan, Gautxori tabernan.
- Altsasu: ostegunetan, 20:00etan, Lezea tabernan (Altsuko euskara).
- Altsasu: ostiraletan, 9:00etan, Kaixo tabernan.
- Etxarri Aranatz: ostiraletan, 18:30ean, Xapatero tabernan.
- Arbizu: astearteetan, 16:00etan, kiroldegiko tabernan.
- Lakuntza: azteazkenetan, 18:15ean, jubilatuen elkartean.
- Irurtzun: astearteetan, 18:00etan, Iratxo elkartean.
- Irurtzun: ostiraletan, 9.45ean, Pikuxarren.
- Irurtzun: ostiraletan, 19:00etan, Pikuxarren.
Talde horietan parte hartu nahi duzu? Beste mintza-talde bat sortu nahi duzu? Animatu eta eman izena Mintzakiden!
Eman izena
600 482 024 telefonoan.
sakana_mintza@aek.eus
praktikatu.eus/blog/sakana