Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

HIRI HONDAKINEKIN LOTUTAKO LAU PROIEKTU

Sakanako Mankomunitateak hiri hondakinekin lotutako lau proiektu jarri ditu abian 2022an, guztiak Nafarroako Gobernuaren Hondakinen Funtsaren dirulaguntzekin finantzatuak: Zero Zabor Komertzioak programaren II. fasea, Hezkuntzan Hezitzen programaren I. fasea, Irurtzunen bosgarren edukiontziaren ezarpena eta konponketa eta berrerabilpen tailerrak.

 

Zero Zabor komertzioak

2021ean Zero Zabor Komertzioak programaren lehen fasearen inplementazioari jarraikiz (Hondakinen Funtsak ere finantzatuta), 2022an II. fasearekin hasi da. Fase honen bidez, programa farmazietara, ile-apaindegietara, elkarte gastronomikoetara eta jatetxeetara zabaldu egin da.

Farmazien kasuan, 4.300 poltsa berrerabilgarri txiki banatu dira, Sigre puntuetan kudeatutako hondakinei buruzko informazioarekin. Sakanako 32 ile-apaindegiek 1.600 poltsa berrerabilgarri jaso dituzte beren produktuen salmentan erabiltzeko.

Jatetxeetan, berriz, proiektua hondakinen prebentzioari begira jartzea erabaki da eta beirazko 1.140 botila banatu dira bezeroei ura banatzeko, erabilera bakarreko ontzi-hondakinak ahalik eta gehien sahiesteko.

Azkenik, kubo urdinak, horiak, grisak eta marroiak eta poltsa konpostagarriak banatu zaizkie elkarte gastronomikoei, frakzio desberdinak errazago bereizteko.

 

Hezkuntzan hezitzen

Programa honen lehen faseak hezkuntza zentroetako ikasleen artean hondakinek jarraitzen duten bidaiari buruzko interesa sortu nahi izan du. Besteak beste, honako ekintzak garatu dira:

– Koloretako kuboen banaketa (horia, urdina, grisa, marroia)

– Papera birziklatzeko eta boc’n’roll-ak egiteko tailerrak

– Zirika Zirkusek eskainitako Berrerabizi antzezlanaren saioak

 

– Hondakinen bidaiari buruzko komunikazio-materiala

– Pixoihal berrerabilgarrien eta hileroko kopen erabilerari buruzko informazioa

 

Bereziki diseinatutako mahai-joko bat ere garatu da eta baita ikasleak sentsibilizatzeko bideo bat ere, UtzubarEKOgunea gai nagusitzat hartuta. UtzubarEKOgunea mankomunitateko hondakin zerbitzuaren egoitza da eta bertan Sakanako garbigune finkoetako bat, konpost planta, ontziak eta errefusarentzako transferentzia gunea, industrialen zabortegia, papera prentsatzeko nabea eta industria-hondakinen biltegia aurkitu daitezke.

Proiektuaren barne garatutako ekintzen eraginkortasuna neurtzeko tresna moduan karakterizazioak erabili dira, geletan sortutako errefusarenak hain zuzen ere. Batez beste, %80ko beherakada egon da sortutako errefusean, eta %56,09ko beherakada errefusean aurkitutako inpropioetan (gai birziklagarriak).

 

Konponketa eta berrerabilpen tailerrak

24 konponketa eta berrerabilpen tailer egin dira Arbizuko Sakanako Konponketa Txokoan eta baita hainbat herritan ere. Kafeterak, bizikletak, garbigailuak eta abar konpondu dira, eta bigarren bizitza bat eman zaie altzariei hauek birzurituz edo margotuz. Horretarako, Batuta Sakana elkartearen laguntza izan dugu.

Bestalde, Erabili tokiko enpresak boc’n’roll-ak eta swap party-ak egiteko 12 saio eskaini ditu. Saio horietan ehun-hondakinekin objektu erabilgarriak sortu dira joskintzaren bitartez.

 

Bosgarren edukiontziaren ezarpena Irurtzunen

Irurtzungo herritar eta komertzioek duela hainbat urte materia organikoa bereizi eta kudeatzeko bi aukera izan dituzte: etxeko konposta eta auzokonposta eta hauei bosgarren edukiontzi edo edukiontzi marroia gehitu zaie 2022an.

Ezarpenarekin batera komunikazio kanpaina bat egin da eta, bertan, informazio material espezifikoa eta hondakinen gida bat bidali zaizkio Irurtzungo biztanle guztiei. Horrez gain, informazio postu bat ere izan da azokan eta Barazkigunean, zalantzak argitzeaz gain parte hartzeko behar den materiala banatzeko erabili dena (10 litroko ontziak, poltsa konpostagarriak eta edukiontzi marroirako giltzak).

 

 

Inbertsioa

Inbertsioa, guztira, 88.582€-koa izan da, eta horietatik 61.926€ Hondakinen Funtsetik etorri dira.

 

Hondakinen Funtsa

Nafarroako Parlamentuak 2018ko ekainaren 7an onartu zuen Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legea. Lege horrek, besteak beste, hondakinak zabortegian isurtzeagatik kanona ezarri zuen, hau da, tona bakoitzeko aplikatzen den onarpen-tasaz gain, gehigarrizko zerga bat kobratzen da. Zerga honen bidez eta hondakinekin lotutako ingurumen arloko ez-betetzeengatiko zehapenekin, Nafarroako Hondakinen Funtsa sortu zen. Funts horren helburu nagusietako bat bildutako dirua hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko eta/edo birziklatzeko proiektuetara bideratzea da.