Berta Miranda, Nafarroako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusia, eta David Oroz Alonso, Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, hitzarmena sinatu bitartean
Mugikortasun iraunkorraren erronka landa guneetan bultzatzeko helburuari erantzuteko, gaur sinatu dute, Uharte-Arkilgo Zamartzen, Sakanako Garapen Agentziak eta Nafarroako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Sailak hainbat erronka zehazten dituen hitzarmena. Mugikortasun iraunkorraren alorrean hiriguneetan jada aurreratua dagoen lana landa guneetara ere eramatea da erronka, hiriguneetatik at dagoen eremuaren ezaugarri berezituak kontuan hartuz. Adibidez, jende gutxiago mugitzen dela eta distantziak luzeagoak direla . Bide horretan, zer nolako eredua eraiki nahi den definitzeko fasean gaude.
Hitzarmenak berak azaltzen duenez, “Mugikortasun seguru eta iraunkorrerako estrategiak ezinbestekoak dira Nafarroako aktibitate ekonomiko eta sozialerako”. Asmo horrekin, akordio honek hainbat lan eremuri helduko die: batetik, Sakanako mugikortasun diagnosia egingo da. Hortik ondorioak aterako dira egin beharreko ekintzak zehazteko. Hortik sortuko da etorkizunean Sakanako Mugikortasun Iraunkorrerako Plan Komuna: Sakanako udal guztien helburu, irizpide eta estrategiak bateratuko dira orain indarrean dagoen autoan oinarritutako ereduaren erronkei erantzuteko.
KudeaGo proiektu pilotoa Sakanan
Hitzarmen honek zehazten duenez, autoak partekatzeko aplikazio bat garatuko da Dinabiderekin elkarlanean, eta bera Sakanako osoan garatzeko proiektua egingo da. Proiektu aitzindari honen emaitzek balioko dute bere eragina neurtu eta beste eskualde eta ingurune geografikoetan erabilgarri den neurtzeko.
Aldi berean, Sakanako mugikortasun zerbitzuak ematen dituzten eragileekin batera eredu berri baten oinarriak zehaztu eta proiektu europar bat prestatzeko lanketa egingo da.
Proiektuok finantzatzeko, Diru Laguntza bat adostu dute Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak. David Oroz, Sakanako Mankomunitateko Presidenteak azpimarratu duenez: “Sakanak bere landa eremuetarako mugikortasun eredu iraunkorra lantzea da parean dugun erronka: horretarako, Nafar Gobernuaren laguntza izango dugu, eta, nola ez, guk hemen sortu ditugun tresnak balioan jarriko ditugu: udalen arteko elkarlana, Sakanako Garapen Agentziaren lidergotza, Sakanako eragileen partaidetza eta Dinabide proiektuaren inplikazioa. Guztiok bat eginez, gure garapenerako ezinbestekoak diren bi eremu uztartuko ditugu: mugikortasuna eta iraunkortasuna.”
Gaurko sinadura ekitaldian parte hartu dute, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesio Sailetik, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Zuzendari Orokor Berta Mirandak eta Garraio eta Mugikortasunaren Ikuskatze, Kudeaketa eta Antolaketa zerbitzuko zuzendari Santiago Alemanek. Sakanarren aldetik, Sakanako Mankomunitate Lehendakari David Oroz eta Sakanako Garapen Agentziaren arduradun Iker Manterola izan dira bertan.