Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Ordenantza, zabortegiko 2016ko prezio publikoak

ORDENANTZA, ARBIZUKO ZABORTEGIAN INDUSTRIETAKO HONDAKINAK BOTATZEKO 2016ko PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da industrietako hondakin ez-arriskutsuak ematea, Arbizuko zabortegian trata ditzaten.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Prezio hauek ordaintzera behartuak egonen dira halako enpresak eta partikularrak, beren industrietako hondakin ez-arriskutsuak garraiatzen eta ematen dituztenak, zabortegian uzteko.

Nolanahi ere, botatze horiek egiteko behar den lizentzia edo baimena eskatuko zaie. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta industrietako hondakinak botatzeko zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Tarifak

5. artikulua. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptuengatik izanen dira:

–Industriakoa, hirikoaren parekoa bada, betiere gai organikorik gabekoa. Tonaren prezioa, 28,13 euro, gehi BEZa. Hondakin horiek kartoidunak badira, 64,29 euro, gehi BEZa.

–Beira zuntza edo horrelatsukoak. Tonaren prezioa, 38,09 euro, gehi BEZa.

–Paletak: egur hutsezkoak badira, tonaren prezioa da 77,25 euro gehi BEZa. Egurra ez diren beste hondakin batzuekin nahasita badaude: 103,00 euro gehi BEZa.

–Zepak eta fundizioko hareak: Tonaren prezioa, 26,69 euro, gehi BEZa.

–Pentsuak: Tonaren prezioa, 30,85 euro, gehi BEZa.

–Pilak, horretarako propio diren edukiontzietan bota ez direnak, enpresetatik heldu direnak: kilo bakoitzeko prezioa: 3,81 euro gehi BEZa.

–Obra hondakinak. Aurretik kudeatzaile batean tratamendua eman bazaie baizik ez dira onartuko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak. Tonaren prezioa: 21,54 euro, gehi BEZa.

–Landare-lurrak edo gisa berekoak. Tonaren prezioa: 2,19 euro, gehi BEZa.

–Landareetatik heldu diren hondakin organikoak, ezpurutasuna %15tik beherakoa badute. Tonaren prezioa: 13,60 euro, gehi BEZa.

–Zelulosa organikoaren hondakinak edo horrelatsukoak. Tonaren prezioa: 29,44 euro.

–Lohiak, botatzen ahal direnak. Tonaren prezioa: 28,75 euro, gehi BEZa.

–Poliespana edo horrelatsukoak. Tonaren prezioa: 64,80 euro, gehi BEZa.

–Tamaina handikoak (altzariak eta etxetresna elektrikoak). Tonaren prezioa: 351,05 euro, gehi BEZa.

–Ibilgailu abandonatuak (turismoak, unitatea) Tonaren prezioa: 131,56 euro, gehi BEZa.

–Ibilgailu abandonatuak (kamioiak eta horrelatsukoak, unitatea) 657,88 euro, gehi BEZa.

Nolanahi ere, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

1.–Osagai toxiko edo arriskutsuak dauzkan hondakinik ez da onartuko.

2.–Likidoak edo lohiak ez dira onartuko, hezetasunaren ehunekoaren ondorioz araztegiko makinetan ezin badira erabili.

3.–Kobratzeko kontuetarako ez da hondakintzat hartuko haren pisua 50 kilogramotik beheitikoa bada, partikularrenak badira obra hondakinak, eta 50 kilogramokoa, hondakinen gainerakoak, salbu eta pilak.

4.–Hondakinak botatzen diren aldiro, 5,00 euro ordainduko da, gutxienez ere.

Likidatu beharreko kuota

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. artikulua. Prezio publikoa sortzen da eta, beraz, ordaindu beharra, hondakinak eramaten direnean Arbizuko zabortegiko instalazioetara.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Industrietako hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko edo botatzeko eramaten direnean, aldez aurretik beharko da Mankomunitatearen dagokion organoaren baimena.

Baimen hori izan daiteke banakakoa botatze bakoitzeko edo, oro har, horretarako propio baimentzen den onarpen protokoloari jarraikiz.

Mankomunitateak debekatu dezake, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak emaniko Ingurumen Baimen Integratuan sartuak ez dauden hondakinak ekarri eta botatzea.

Diru-bilketa

9. artikulua.

1. 5. artikuluan ezarritako ordainarazpenak hilean behin pagatuko dira.

2. Horretarako, Mankomunitateak emanen du behar den faktura eta bertan adieraziko hilero egin diren hondakin-emateak.

3. Prezio publiko honen zorra premiamenduzko prozeduraren bidez eska daiteke, betiere Mankomunitatearen Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako moduan.

10. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gaineko inguruabarrei dagokienez, honako hauei jarraituko zaie: Ordenantza Fiskal Orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta bat datozen gainerako arauak. Hori guztia deusetan ukatu gabe arau-hausleek izan ditzaketen gainerako erantzukizun zibil eta penal guztiak, bereziki hondakin baimendu gabeak edo arriskutsuak ekarri dituztela ezkutatzen badute.

Ordenantza honetan adierazitako betebeharrak ez betetzeagatik sortzen diren erantzukizunak eskatuko dira, ez bakarrik egindakoarengatik baizik eta izan daitezkeen beste erantzule batzuengatik, izan ere erantzukizun hori solidarioa izanen da ekarritako hondakinaren garraiolariaren eta haren sortzailearen artean, pertsona bera ez diren kasuetan betiere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du haren behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eta indarra izaten jarraituko du etengabe, aldatzeko edo indargabetzeko erabakia hartzen ez den bitartean.