Dirulaguntzaren helburua. Xedea da errotuluak euskaraz jartzen dituzten establezimendu komertzialei, ostalaritzakoei eta elkarteei dirulaguntzak ematea. Diruz lagunduko dira errotuluak, toldoak eta ibilgailu komertzialen errotulazioa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa. Euskara hutsean idatzita dagoen errotulua jartzen duenari gastuaren % 50 ordainduko zaio. Gehienez 500 euro emanen zaizkio. Euskaraz eta erdaraz idatzita dagoen errotulua jartzen duenari % 25 ordainduko zaio. Gehienez ere 250 euro. Betiere elebitasun pizgarriaren irizpidea erabili beharko du, alegia euskarazko testuak —tamainarengatik, tokiarengatik edo azpimarratuta egoteagatik— izanen du lehentasuna.
Eskabideak aurkezteko epea. Eskabideak aurkezteko epea 2022ko abenduaren 31ra artekoa izanen da.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa. Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da Sakanako Mankomunitateko bulegoetako erregistro orokorrean edo erregistro elektronikoaren bidez:
a) Eskabide ofiziala beteta.
b) IFKren fotokopia.
c) Fakturaren fotokopia.
d) Errotuluaren argazkia.
e) Aitorpena, helburu honetarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. Adierazi beharko da eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden; azken kasu horretan, kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia erantsiko da.
Hona zer helbidetan aurkeztu behar den dokumentazioa:
Sakanako Mankomunitatea
Uriz 32
31830 Lakuntza
Edo:
https://sedeelectronica.sakana-mank.com/eu/tramites/registro-electronico/
Ez dira posta elektroniko bidez jasotako eskabideak aintzat hartuko.
Deialdiaren inguruko zalantza edo esatekoren bat izanez gero, Sakanako Mankomunitateko bulegoetara jo, edo euskara1@sakana-mank.eus helbidera idatzi edo 948 464840 telefonora deitu.
Eskatzaileek bete beharreko baldintzak. Dirulaguntzak kartel edo elementu bakoitzari aplikatuko zaizkio.
Ez dute dirulaguntzarik hartuko bakarrik izen-abizenak edo toponimoak dituzten errotuluek, ezta gaizki idatzita daudenek edo oker gramatikalak dituztenek ere.
Sakanako Mankomunitateak itzulpen- eta aholkularitza-zerbitzua eskainiko die, doan, errotulua euskaraz jarri nahi dutenei.
Eskatzaileak Sakanako Mankomunitatearekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea ezinbestekoa da (Mankomunitateak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko).