Egileak: Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta
Deialdia: Haurrendako albumak sortzeko Etxepare saria 2024
Argitaletxea: Pamiela
Hizkuntza: Euskara
Aurtengo ekainaren 26an iragarri zen 2024ko Etxepare sariaren irabazlea Burlatako Udal Jauregitxoan. Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak eskuratu zuten saria MAMUKI obrarekin, lehiaketan parte hartu zuten 31 lanen artetik; eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du.
OBRA
Beldurrari buruzko album umoretsua dugu MAMUKI. Gau Beltza da, eta mamuek sustoak eman behar dituzte, ingurumarian ikara eragin beharra daukate. Baina mamu txikia gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatzen edo sendatzen: banpiroa, zonbia… edo geureago ditugun Zakuzahar edo Otsoko, baina alfer-alferrik. Gaixoa! Zer egingo du Mamukik Gau beltza ospatu ezinik…?
Etxeko agertoki minimalistan txakur jolastia ere saiatuko da Mamuki sendatzen, baina orduak joan, orduak etorri, munstroak joan, munstroak etorri, ez da konponbiderik inondik ere agertuko. Edo bai…
Apaindura gutxiko etxean osagai bakoitzak sinbolismo handia erakusten du, erlojuak eta ilargiak batik bat, txakurrarekin batera betiere. Baina istorio-misterioa arras aldatuko da, erlojuak argi adierazi bezala, bi orduren buruan munstroek eta piztiek elkar hartzen dutenean…
Narrazioa paralelismoetan eta hitz jokoetan eraikia dago, erritmoa eta errima erabiltzen ditu eta haurrei oso gertukoa eginen zaie; barrea eraginen du ustez beldurra nagusi den kontakizunean. Testua, finean, beldurrari buruzko gogoeta jostagarria bilakatuko da, gertukoa eta goxoa.
Bitxia da, baina erritmoa eta errima horiexek ere dira ilustrazioen ezaugarriak, benetan dira samurrak eta maitagarriak, dibertigarriak eta ganberroak. Horregatik da bikaina MAMUKI albuma, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa aparta delako, biek ere soilak eta sotilak diruditen arren. Irakurlearengan irribarrea eta konplizitatea pizten dute, eta orrialdeetan atzera egiteko gogoa, lehen begiratuan ikusi ez ditugun xehetasunak bilatzeko, ludikotasuna eta adiskidetasuna aldarrikatzeko.
ALBUMAREN EGILEAK
Maite Rosende Gutierrez
Ilustratzailea
1991ean jaio zen Donostian eta txikia zenetik pinturez inguratuta bizi da.
Batxiler Artistikoa ikasi zuen eta amaitzean Bartzelonara joan zen pintura muraleko goi-mailako gradu bat egitera. Ilustrazioa ikasi ondoren, Bartzelonako etapa amaitutzat eman zuen.
Hainbat diziplina artistikotan trebatzen jarraitu zuen, baita diseinu grafikoan, argazkigintzan eta bideo-edizioan ere.
Gaur egun freelance gisa egiten du lan ikus-entzunezko piezen, kartelen eta ilustrazioen enkarguak eginez, bere lan pertsonalak albo batera utzi gabe.
Nerea Ariznabarreta Izkue
Idazlea
Eibarren jaio zen, hiri armagile, ekintzaile eta industrialean. Baina haurtzaroko asteburu guztiak bere aitaren baserrian igaro zituen. Aitak, ipuinak eta elezaharrak asmatzen zizkion, eta horiekin batera haurtzaroko bizipenak ere kontatzen zizkion, eta Nereak errealitate majiko hori gustura sinesten zuen. Amarengandik abesteko zaletasuna jaso zuen. Amak ipuinak grinez kontatzen zizkion, pertsonaiei ahots ezberdinak jarriz eta kantuak asmatuz. Gustuko zuen berarentzat antzeztea.
Eta nahasketa horretatik atera zen Nerea, narratzailea eta antzerkigilea. 2003an hasi zen ipuinak kontatzen eta 2008an antzerki-konpainia bat sortu zuen bi lagunekin batera.
Esperientziak eta zenbait ikastarok narratzaile gisa trebatu dute eta bestelako ikasketek —gorputz hezkuntza, antzerki fisikoa, clown eta pianoak— istorioak ahotsarekin, keinuarekin, objektuekin eta kantuekin asmatzera eta kontatzera eraman dute.
ETXEPARE SARIA 2025
HAURRENTZAKO ALBUMAK SORTZEKO
Urtea hasi bezain laster argitaratuko ditugu sarira aurkezteko baldintzak. Baina hona hemen zertzelada batzuk:
Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira sari honetara. Album ilustratu bezala ulertzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak.
Lehiaketan honela parte hartu daiteke: bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean. Egileek nahi beste lan aurkez ditzakete.
Maiatza aldera arteko epemuga izaten dute egileek eta ekainean hartzen du erabakia Epaimahaiak.
Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki eginen da.
Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena eginen da.
Antolatzaileak: Etxepare saria Nafarroako 23 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute. Hona zerrenda:
Agoizko Udala
Antsoaingo Udala
Atarrabiako Udala
Barañaingo Udala
Baztango Udala
Berriobeitiko Udala
Berriozarko Udala
Bortzirietako Euskara Mank.
Burlatako Udala
Esteribarko Udala
Galar Zendeako Udala
Garesko Udala
Irantzu Mankomunitatea
Iruñeko Udala
Nafarroako Iparraldeko Euskara Mank.
Noain-Elortzibarko Udala
Lizarrako Udala
Malerrekako Mankomunitatea
Sakanako Mankomunitatea
Tafallako Udala
Uharteko Udala
Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak
Zizur Nagusiko Udala
Laguntzaileak: Pamiela argitaletxea eta Galtzagorri elkartea.
Babeslea: Nafarroako Gobernua (Euskarabidea).